argia.eus
INPRIMATU
2021eko apirilaren 25era atzeratu dute Oscar sariak banatzeko ekitaldia
  • Oscar sariak banatzeko ekitaldia datorren urteko udaberrira atzeratu du AEBetako zine akademiak, COVID-19ak eragindako konfinamenduak estreinaldi asko atzeratu ostean.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 16a
AEBetako zine-akademiak kontuan izan du pandemiak aurtengo estreinaldietan izango duen eragina.

Koronabirusaren pandemia film berrien estreinaldiak atzeratzen ari da 2020an eta horrek eragin zuzena izango du zinema-industriaren sari-banaketa nagusian: Oscar sariak 2021eko apirilaren 25era atzeratuko dituztela iragarri berri dute.

Erabaki horrekin batera, beste bat ere hartu du AEBetako zine akademiak: sari hauek irabazteko lehian parte hartzen duten pelikulen estreinaldi-data bi hilabete luzeagoa izango da. Normalean Oscar sariek urte natural baten barruan zine aretoetara iritsi diren pelikulak saritzen dituzte eta, beraz, aurtengo hautaketa egiteko abenduaren amaiera zen erreferentziazko data. Otsailaren amaierara mugitu dute orain, konfinamenduaren eraginez aretoak eta, beraz, lan berriak estreinatzeko aukerak itxita eduki dituen industriaren denboretara egokitzeko.

“Aukeratua izateko epea luzatuz, espero dugu zinegileei emango diegula beraien filmak bukatu eta estreinatzeko behar duten malgutasuna”, adierazi du AEBetako zine akademiako presidente David Rubinek, erabakiaren berri emateko argitaratu duen komunikatuan.