argia.eus
INPRIMATU
2021ean hasiko dira Garoñako zentral nuklearra eraisten, Espainiako Gobernuak dioenez
  • 2012. urtetik geldi dago Garoñako zentral nuklearra eta 2021ean hasiko dira hura eraisten, Espainiako Gobernuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez informatu duenez.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 30
Garoñako zentral nuklearra 2012tik dago geldirik.

Eraistearen lehen fasea 2021eko erdialdean martxan jartzea aurreikusten du Espainiako Gobernuak eta bigarrena berriz, 2024an. Naizek argitaratu duenez, bigarren fasea izango da luzeena, 7 urte irautea aurreikusten baitute.

Une honetan Espainiako Segurtasun Nuklearreko Batzordea lanean ari da bi fasetako eraiste horren dokumentazioa prestatzen.

Aurreneko fasean, zentral nuklearreko putzuetan dagoen erregaia aztertuko da, turbinen eraikina botako da eta bigarren faserako dokumentazioa prestatuko da.

2024tik aurrera berriz, erreaktorean eta gainontzeko eraikinetan hasiko dira lanean. Bigarren fase honen iraupena luzeagoa da, edifizio horien kutsadura kendu behar delako beste ezer egin aurretik.  

Eta zer gertatuko da zentralak sortutako hondakin nuklearrekin? Moncloak EH Bilduri emandako erantzunaren arabera, El Cabrileko biltegiratze-zentro batera eramango dituzte, Andaluziara. Baina zentro horretako baldintzak betetzen ez dituzten hondakin nuklearrak Garoñan bertan gordeko dira.