argia.eus
INPRIMATU
2021: Kubricken filmografia osoa euskaraz
  • Stanley Kubricken filmografia osoa euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izateko lana amaitu du Joxe Aranzabalek. Lehendik euskaratuta zeuden azpidatziak berrikusi eta falta ziren filmeenak egin ditu urritik hona, bere buruari erronka jarrita. Azpitituluak.eus webgunean daude orain, denon eskura.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko otsailaren 04a
Goio Aranak egindako kartelaren zati bat

Stanley Kubrick zinema-zuzendari estatubatuarraren filmografiako guztiak euskaraz paratzea: hamahiru film, 1953tik 1999ra bitartean egindakoak. Horixe Joxe Aranzabalek bere buruari jarritako erronka. Lehenago bost film zeuden euskaratuta, horietako bi Aranzabalek berak (The Shining eta Paths of Glory). Bi horiek berrikusi eta falta ziren zortziak euskaratzea izan da, beraz, egitekoa. Aranzabalek bere blogean kontatu duenez, COVID-19aren bigarren olatuarekin ekin zion asmoa osatzeari, urria aldera.

Zergatik Kubrick? Aranzabalek dioenez, hura izan baita gehien eragin dion zinema-zuzendarietako bat. Hamasei urte zituenean ikusi zuen 2001: A Space Odissey filma Arrasaten, eta “zur eta lur” geratu zen: “Bat-batean, unibertsoa bistaratu nuen, soinu-banda zoragarriarekin. Baina, horrekin batera, filmak gauza asko iradoki zizkidan: gizakiaren hastapenak Lurrean, informatikaren eta teknologia berrien etorrera, unibertsoaren kolonizazio posiblea, adimen artifiziala… Uste dut film hori izan dela zirrara handien eragin didan pelikula.”

Hain zuzen ere, Aranzabalek bere koinatu Jabier Larrañagari eskaini dio egindako lana, Larrañagak lagundu baitzion 1968 inguruan 2001: A Space Odissey filma ulertzen, eta “orduan eta gero zinema maitatzen erakutsi” ziolako. Larrañagak lagundu dio Aranzabali Kubricken filmografia osatzen. 2013an hasi zen Aranzabal azpidatziak euskaratzen eta azpitituluak.eus webgunera igotzen. The Shining eta Paths of Glory izan ziren azpidatziekin hasi zenean euskaratu zituen lehen filmak. Bi horiek zuzendu eta falta ziren bost filmen azpidatziak euskaratu ditu orain.

Beraz, Kubricken filmografia osoa bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin ikus dezake orain nahi duenak. Aranzabalek bere blogean proposatzen duen moduan, zine-klubek Kubricki eskainitako ziklo oso bat antola dezakete.

 

Goio Aranaren kartela

 

Kubricken filmografia euskaraz:

 

 

Azpitituluak.eus

Luistxo Fernandezek 2008an jarri zuen martxan euskarazko azpidatziak biltzeko plataforma. Dagoeneko euskaratutako 1.368 film eta 48 telesail topa daitezke bertan. 2016ko Interneteko Argia sariduna izan zen proiektua. Urte hartan euskarazko 700 azpidatzien langa gainditu zuen plataformak.

Denetariko azpidatziak topa daitezke bertan, Open Data Euskadi eta Filmazpit proiektu publikoetarako itzultzaile profesionalek soldatapean egindakoak eta zuzenean azpitituluak.eus plataformarako boluntarioek egindakoak. Aranzabalek Fernandezi aitortzen dio meritua: “Batetik, plataforma sortu zuelako, hasieran bakarrik zebilela. Bestetik, jendea animatu zuelako proiektuan parte hartzera, boluntario talde bat antolatuta. Azkenik, baina ez azkena, azpidatzien itzulpenak tirriki-tarraka igotzen eta txukun jartzen ibili delako eta dabilelako”.

Aranzabalek, gainera, Euskal Encodings proiektua ere aipatu du (aurtengo Interneteko Argia saria): “Iazko udan izan nuen proiektuaren berri, eta izugarri poztu nintzen, haien lana oso ondo osatzen delako gurearekin. Egia esan, ez dakit nortzuek osatzen duten Euskal Encodings, baina lagun moduan sentitzen ditut. Eta animatuko nuke jendea sar dadin haien webguneko aurkibidean, flipatu egingo dute-eta, zelako eskaintza handia duen. Gainera, haiek gauzak errazago jartzen dizkiote erabiltzaileari, horrek klik baino ez du-eta egin behar pelikula ikusteko, bertsio originalean eta euskarazko azpidatziekin.” Izan ere, azpitituluak.eus-en mugetako bat hori da Aranzabalen iritziz: pelikulak euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izateko prozesua zaila egiten zaiola jende askori.