argia.eus
INPRIMATU
2021-2022 ikasturtea

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2021eko uztailaren 13a

Bazterrak nahasturik daude Nafarroan. Afera: ikasleek datorren urtean izanen duten jardunaldi mota. Ñabarduraz eta ondorioz betetako erabakia da hau, lau jokalekutan gertatzen ari dena.

Lehenengoa: Hezkuntza Saila. Aktore honek dio ikastetxe guztiek jardunaldi trinkoarekin hasiko dutela hurrengo ikasturtea. Handik eta hemendik jaso dituen presioen ondoren, esan du urrian edo abenduan jardunaldi mota aldatzeko aukera egonen dela.

Bigarrena: guraso elkarteak. Haien ustez, ikastetxe bakoitzak pandemiaren aurretik zuen eredu berarekin jarraitu beharko luke. Kexu dira, bestalde, familien ahotsa ez delako inon agertzen. Duela egun batzuk, Sortzen, Herrikoa, Concapa eta Britila guraso elkarteen federazioek prentsaurreko bat egin zuten elkarrekin lehen aldiz, eta argudio horiek guztiak azaldu eta familien ahotsa defendatu zuten.

"Ikasleak dira helduek erabakitzen dutena jasaten dutenak, baina inor ez da altxatu une honetan musukoa edo talde burbuilek zentzu gutxi dutela adierazteko"

Hirugarrena: sindikatuak eta irakasleak. Gauza bera ez diren arren, toki berdinean daude afera honetan. Isiltasunarekin jokatzen dute, eta ez dute publikoki defendatu nahi jardunaldi trinkoa ezartzea, baina jakina da oso onuragarria izan dela haientzat. Hala ere, ez dute ezer ere esan jardunaldi mota hau ezartzeko bete beharreko baldintzez (aurten errespetatu ez direnak): eskolaz kanpoko jarduera publikoak eskaini behar dira.

Laugarrena: ikasleak. Inork ez die hitzik eman. Haiek dira helduek erabakitzen dutena jasaten dutenak, baina inor ez da altxatu musukoa kentzea defendatzeko edo pandemiaren une honetan talde burbuilek zentzu gutxi dutela adierazteko. Haien ahotsa ezinbestekoa litzateke.

Amaiera. Ez dakigu zer gertatuko den Nafarroan, baina, antza denez, ikastetxe kontzertatuek beren ohiko ordutegiak mantendu ahal izango dituzte, eta ikastetxe publikoak, berriz, gaur gaurkoz legezkoa ez den jardunaldi jarraitua izateko arriskuan daude.

Eztabaida honetan falta diren aktoreak: hezkuntzaren kalitatea, umeen beharrak eta komunitatearen ahotsa.