argia.eus
INPRIMATU
Ikastolen jai guztiak bertan behera utzi ditu Ikastolen Elkarteak
  • Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko 2020an. Kalte ekonomikoari aurre egiteko “ekitaldi handi bat” antolatzea aztertuko du Ikastolen Elkarteak.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 19a
Argazkia: @KoldoTellitu.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk jakinarazi du erabakia, Herri Urratseko arduradunekin batera eman duen prentsaurrekoan. Udaberrian ospatu ohi diren ikastolen jaiak udazkenera atzeratu zituzten aurretik, eta orain behin betiko utzi dituzte bertan behera aurtengo edizioak. “Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian Abuztu eta Irailerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea...”, adierazi du Tellituk sare sozialetan.

Ikastolen Elkartearentzako urteroko jaiak diru iturri garrantzitsua dira. Aurten ez ospatzeak ekarriko dizkien kalteei aurre egiteko, “Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat” egiteko aukera aztertzen ari direla azaldu du Tellituk.

Herri Urrats

Prentsaurreko berberean, maiatzetik irailera atzeratu zen Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia ez dela ospatuko jakinarazi du Seaskak. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azaldu du Senpereko lakuko jaiak urteko diru sarreren herena ematen diela, eta hortaz aurtengo suspentsioak “zalantzan” jartzen duela eredua bera.