argia.eus
INPRIMATU
Bilbo helburu turistikoen bigarren postuan mundu mailan, Airbnb-ren arabera
  • Airbnb plataformak publiko egin du datorren urtean bidai joera nagusi izango diren lekuen “Top 20a”. Mundu mailan, Bilbo izango da turista gehien jasoko dituen bigarren helmuga.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 05
(Argazkia: Auzoetatik Piztu Bilbo)

Datorren urtera begira jendea egiten ari den erreserbei erreparatuta osatu du zerrenda Airbnb plataformak. Milwaukee (AEBak) eta Buriram (Tailandia) artean, bigarren postuan ageri da Bilbo.

Bizkaiko hiriburua zerrendan bigarren postuan kokatzeko arrazoien artean legoke Airbnb-k hirian izan duen urtetik urterako %402ko igoerak. Datu horri erreparatuta, uler daiteke pisu turistikoak bizileku diren pisuak ordezkatzen ari direla Bilbon.

Datuen irakurketa egin du soziologian doktorea eta etxebizitza eskubidearen defendatzaile Javier Gil-ek twitter bidez. Gilek azaldu du AirDNA bidez jasotako datuen arabera, Airbnb bidez Bilbon etxebizitza bat alokatzeak eguneko 122 dolar (109,69 euro) balio duela, batez beste. Eta etxebizitzak okupatuta egoten dira, batez beste, hilean 22 egunez. Bi datu horiekin kalkulatu daiteke pisu turistiko batek hilean izan dezakeen diru sarrera zein den: 2.420 euro.

Horrek duen eragina zein den ere azaldu du: pisu turistikoek bizileku diren etxebizitzak ordezkatzen dituzte, alokairuan dauden pisuen eskaintza murriztuz eta horien prezioa igotzea eraginez. “Higiezinen errentak igotzean, espakulatzaileenak ere igotzen dira”, zehaztu du.

Hari honetan, Gil-ek egindako irakurketa osorik: