argia.eus
INPRIMATU
2020ko Euskaraldian 180.000 herritarrek hartu dute parte
  • Abenduaren 4an burutzen den Euskaraldian 179.780 lagunek hartu dute parte, antolatzaileek publiko egin dituzten zifretan, lehenbiziko edizioan baino 45.374 gutxiagok (hartan 225.154k eman zuten izena). Aurtengoan parte hartzaileen %77k hautatu dute ahobizi rola eta %23k eraman dute belarriprest txapa.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 04a

Euskaraldiko bigarren edizioan, 2020ko azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaitzen den honetan, herritarren parte hartzea %20 jaitsi da lehenbiziko edizioarekin alderatuta, antolatzaileek zabaldu dituzten azken kopuruen arabera: 179.780 lagunek eman dute parte hartzeko izena, horien artean %77k hautatu dute ahobizi rola eta %23k belarriprestena.

Antolatzaileen esanetan, 180.000 partaideen artean %29k –50.000 inguru– izan direla Euskaraldian izena lehen aldiz eman dutenak eta duela bi urteko kanpainan gertatu bezala oraingoan ere emakumeak izan dira nagusi, %62 zehazki. Datuei llurraldeka begiratuta, parte hartzaileen ia erdiak –%44– Gipuzkoakoak izan dira, %34,25 Bizkaikoak, %11 Nafarroakoak, %8,5 Arabakoak, %1,5 Lapurdikoak, %0,5 Nafarroa Beherekoak eta %0,1 Zuberoakoak. Izen emaileen arteko %0,25ek Euskal Herritik kanpoan bizi direnak izan dira, euskal diasporakoak.

Euskaraldiaren partaidetzaren adinei erreparatuz gero, izen emaileen %23 16 eta 29 urte artekoa izan da, %35e 30 eta 44 urte artekoa, %29 45 eta 59 urte artekoa eta %12k 60 urte baino gehiago zituen.