argia.eus
INPRIMATU
2020ko Eurokopan jardungo duten enpresek ez dutela zergarik ordainduko salatu du Eragin Bilbok
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek erregimen fiskal berezia onartu dute, 2020ko Eurokoparen bueltan lan egingo duten enpresak zergak ordaintzetik salbuesten dituena.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 03a
Eurokoparen aurkako mobilizazioa (Argazkia: Bilbao 2020 Eurocopa honi ez)

UEFAk antolatuko duen 2020ko Eurokoparen bueltan lan egingo duten enpresa eta pertsona juridiko ezberdinentzat onuragarria den erregimen fiskal berezia onartu berri dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Erregimen horren arabera, UEFAk ez du sozietateen gaineko zerga ordaindu beharko Eurokopak irauten duen bitartean.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak eta tokiko zergak ere ez dituzte ordaindu beharko. Erregimen fiskal berezi hau salatu dute Eragin Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak eta Bilbao 2020 Eurocopa honi ez! plataformak.

Ekainaren 15ean, 20an, 24an eta 28an jokatuko dira Eurokopako futbol partiduak Bilboko San Mames zelaian, eta esleipen hau jakin zenetik martxan da Bilbao 2020 Eurocopa honi ez! plataforma. Hamaika arrazoirengatik Eurokoparen aurka agertu da hasieratik plataforma, eta Eurokopak irauten duen bitartean “aurrean” izango dituztela adierazi dute. Onartu berria izan den erregimen fiskalaren berri izan ostean, ozen salatu dute: "Paradisu fiskala hasi da", adierazi dute twitter bidez.