argia.eus
INPRIMATU
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri
  • Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 02a
ARGIAko erredakzioaren film gomendioak.

Beste egun bat bizirik
Euskal Herria-Polonia, 2018. 86 minutu.

Ryszard Kapuściński, XX. mendeko kazetari handienetako baten kontakizun autobiografikoa. Angolak Portugalen kolonia izateari utzi zioneko azken egunak azaltzen ditu, baita ondorio lazgarriak ere. Gerra film bat, gerraren aurkako mezu argiarekin. Axier Lopez

* * * * * * * * * *

Sans Nom Sarea
Euskal Herria, 2019
33 minutu.

Bigarren Mundu Gerran, naziengandik ihesi zihoazenei laguntzeko sareak sortu ziren euskal pirinioetan. Haietako bat, hain zen sekretua, izenik ere ez zuela. Mendibeko zerrategia abiapuntu, Iratiko oihana igarotzen zuten, hango artzain Jean Sarotxarren laguntzaz. Baina zerrategia eraitsita, ahazturan gelditu ziren denak, gaur arte.  Urko Apaolaza

* * * * * * * * * * *

Wasp Network
Frantzia, 2019
123 minutu.

Habana, 90eko hamarkada hasiera. Kubako Gobernuak espioitzarako unitate berezia sortu du Miamiko opositore taldeek uhartearen aurka abiatutako kanpaina terrorista geldiarazteko. Agente hauek sare anticastristetan infiltratuko dira Kuba ito nahi duten boteretsuen aurka. Mikel Eizagirre

* * * * * * * * * *

Escapada
Belgika-Katalunia, 2018 / 89 Minutu.

Hiru neba-arreba, herentzia bat eta mundua zein bizia ulertzeko modu ezberdin eta kontrajarriak. Oinordekotzan jasotako masia bidegurutze bilakatuko da bakoitzaren bizi-ibilbidean, eta berorrekin zer egin erabakitzeko prozesuan bizi molde ezberdinen arteko eztabaida piztuko da. Amaia Lekunberri

* * * * * * * * * *

O que arde
Galizia, 2019
89 minutu.

Dokumental kutsuko film honek Galiziaren barnekaldera garamatza. Espetxetik atera berri den ustezko piromano bat amaren etxera itzuli da, jakitun sua atzetik izango duela beti. Plano luzeek, paisaia berde amaiezinek eta abileziaz grabatutako benetako sute batek triste bezain ederra egiten dute filma. Eneritz Arzallus Alustiza

Found In The Forest
Kanada, 2014
112 minutu.

Pandemiaren aitzakian kanpoko espazioak hezkuntzarako berreskuratu behar direla entzuten ari garen garaiotan, baso-eskolei buruzko klasiko bat: Kanadan 2011n ateak zabaldu zituen natur eskola publikoaren egunerokoa. Bestelako hezkuntza ereduan sinesten dutenenentzat.  Mikel Garcia Idiakez

* * * * * * * * * *

Rocks in my pockets
Letonia-AEB, 2014
88 minutu.

Bere familiako bost emakumek eta berak depresioa eta suizidioarekin izandako harremana kontatzen du Baumanek. Arteaz, emakumeez, Letoniaz, historiaz eta naturaz betetako animazio-film hau familia-genetikaren eraginaz mintzo da metafora bisual, irudi surrealista eta umorearen bidez. Maitane Gartziandia
 

* * * * * * * * * *

Totoro
Japonia, 1988
86 minutu.

Totoro auzokidea umeentzako anime japoniarrak gizakiaren eta naturaren arteko harremana du ardatz. Mei eta Satsuki neskatoek etxe eta basoetako izaki magikoak ezagutuko dituzte. Euskal-encodings.com webgunean aurki daiteke, doan ikusteko, euskarazko hamaika film gehiagorekin batera. Jon Torner