argia.eus
INPRIMATU
2020koa Europako irailik beroena izan da, erregistroen arabera
  • 2020ko iraila historiako bost irail beroenen artean sailkatu da munduan eta Europari dagokionez, erregistroak daudenetik beroena izan da. 

ARGIA @argia 2020ko urriaren 07a

Aurtengo iraileko datuak iazko irailekoari kendu dio lehenbiziko postua. Europako errekor negatiboaz gain, batez besteko tenperaturatik gorakoak erregistratu dituzte Siberian, Australia mendebaldean, Ekialde Hurbilean eta Hego Amerikan. 

Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak eman du datu hauen berri, Europar Batasunak babestutako gobernu arteko agentzia batek. Bederatzi hilabetez izandako baso-suteei eta 2005az geroztik inoiz izan den hurakan-sasoirik bortitzenari erantsi behar zaio tenperatura altuen datua. Fenomeno horiekin lotuta, ekain amaieran Artikoko itsas izotza inoiz baino maila baxuagoan zegoela erregistratu zuten eta aditu askoren arabera, 2050erako izotz guztia urtuta egon liteke.

Copernicusen azterketak dioenez, joan den hilabetea batez bestekoa baino 0,63 gradu zentigradu beroagoa izan zen; 2019koa aldiz, 0,05 gradu zentigradutan igo zen bataz bestekotik. 

AEBetako ozeano eta atmosferen administrazio erakunde nazionalak (NOAA) ere argitaratzen ditu munduko tenperaturari buruzko hileroko ebaluazioak, normalean Copernicusen neurketak egin eta astebetera. Bi erakundeek modu desberdinean kalkulatzen dituzte batez bestekoak, baina emaitzak normalean antzekoak izaten dira. NOAA lehorreko estazioen, itsasontzien eta buien gainazaleko tenperaturaren neurketetan oinarritzen da. Copernicus, neurri handi batean, bestelako informatika ereduen menpe dago.

Copernicus zentroak mapa honetan jaso ditu iraileko datuak.