argia.eus
INPRIMATU
2020a historiako urterik beroena izan da, erregistroen arabera
  • 2020. urtea beroena izan da Europako erregistroen arabera eta 2016ko datuak berdindu ditu mundu mailan.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 08a
Argazkia: Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzua.

Krisi klimatikoak etenik gabe jarraitu du 2020.urtean. Tenperaturarik altuenak erregistratu dira Europan. Koronabirusaren krisiak eragindako itxieren ondorioz, erregai fosilen erabilera % 7ko beherakada izan den arren, beroa irtetzea oztopatzen duen karbono dioxidoak atmosferan metatzen jarraitu du, hori dela eta, 2020. urteak, goia jo du orain arteko datuen arabera, 2016koak berdinduz.

Planetaren azaleraren batez besteko tenperatura 1,25°C altuagoa izan da 2020an, munduko nazioek inpaktu okerrenak saihesteko ezarritako 1,5°C helburutik gertu.

Artikoko zati batzuek eta Siberiako iparraldeak urteko tenperaturaren desbideratze handienetakoak jasan ditu 2020an, batez bestekoarekin alderatuta, 3°C-rainoko desbideratzeak erregistratu dituzte eskualde handi batzutetan, besteetan berriz,  6°C-tik gora.

Orohar, Ipar hemisferioak batez bestekotik gorako tenperaturak izan ditu urte guztian. Aldiz, hego hemisferioko toki batzuetan, batez bestekoa baino tenperatura baxuagoak erregistratu dira.

Azken hamarkada, beroena

2020. urtea beroena izan zen Europan, eta COPERNICUS Klima Aldaketaren Zerbitzuaren urteko txostenaren arabera, 2010-2020 inoizko hamarkadarik beroena izan da. Klima-aldaketari buruzko Europako zerbitzuak ere adierazi zuen atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioek gora egiten jarraitu zutela iaz, milioi bakoitzeko 2,3 partikula (ppm) inguruko erritmoan, eta maiatzean 431 ppm maximora iritsi zirela. 2020an batez bestekoa baino 0,6 gradu zentigradu beroagoa izan zen 1981 eta 2010 artean, eta 1850-1900 industriaurreko aldia baino 1,25 gradu gehiago. Behaketa hauen arabera, urteko tenperaturaren igoerarik handiena, 1981-2010eko batez bestekoarekin alderatuta, Ozeano Glaziar Artikoan eta Siberiako iparraldean kontzentratu zen, batez bestekoaren gainetik 6 ° C baino gehiago lortuz, sekula ikusi gabeko 38 gradu zentigraduko tenperaturarekin.


Batez besteko tenperatura igoera 1850-1900 garaiarekin alderatuta. The Guardian egunkariak egindako grafikoa.