Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Nafarroako Kontuen Ganberak 2023an argitaratutako datuen arabera, 2018tik 2022ra %29 handitu dira Osasunbideako itxaron zerrendak. 2022 amaieran 240.000 erregistro zeuden; horietatik %64 berrikuspen kontsultak ziren, %25 lehen kontsultak, 8 diagnostikoak eta %3 ebakuntzak. Bost urte horietan, Osasunbideak 21,3 milioi euro gastatu zituen itxaron zerrendak gutxitzeko: %39 langileriaren kontratazioan; %31 aparteko orduetan eta gainerako %30 arreta Nafarroako Unibertsitateko Klinika pribatura desbideratzen. Nafarroako Osasun Plataformaren arabera, 2019tik 2024ra ia bikoiztu egin da zentro pribatuetara eta itunpeko zentroetara bideratutako gastua.
Plataformako kideek salatu dutenez, Nafarroako Osasun Departamentuak hartutako neurriek “ez dute emaitza onik eman”, eta osasun sistema publikoa “deskapitalizatu” eta osasun negozio pribatuen etekin ekonomikoa “bermatu” dute. Hori dela eta, uste dute beste neurri batzuk eraginkorragoak izan daitezkeela; hala nola langileen agendak hiru hilabeteetan zabaltzea lanaren antolakuntza errazteko; ebakuntzetan parte hartzen duten profesionalen datuak Prokirur aplikazioan –ebakuntzen zain dauden pazienteak kudeatzeko tresnan– sartzea; lehen mailako arretako profesionalekin koordinazioa lantzea eta Osasunbideako langileen esklusibotasuna mantentzea.
Esklusibotasun kontratua daukaten profesionalek ezin dute beste zentro batzuetarako lan egin. Horregatik, uste dute osasun sistema publikoa zaintzeko beharrezkoa dela esklusibotasuna bermatzea: “Jakina da bi lanetan aritzeagatik ustelkeria kasuak daudela. Adibidez, itxaron zerrendak manipulatzea, sistema publikoko baliabideak xurgatzea eta zentro pribatuetako bezeroei faborezko tratua ematea”.
Uste dute osasun sistema publikoa zaintzeko beharrezkoa dela esklusibotasuna bermatzea
Horrez gain, itxaron zerrendak gutxitzeko aparteko orduak ordaintzeak langileen arteko soldata arrakala “handitzen” duela diote. Egun, Osasunbideak 1.510 milioi euroko aurrekontua dauka, eta hortik 781 miloi langileentzat dira. Osasunbidean 2.600 langile inguru daude, horietatik 11 medikuk 230.000 euro irabazten dituzte batez beste urtean, hirurogei medikuk 150.000tik gora eta 600 medikuk 100.000tik gora.
Aldaketen beharra
Osasunbidearen kudeaketan egin beharreko beste aldaketa batzuk nabarmendu dituzte, hala nola aurrekontua handitzea; proba gutxiago desbideratzea zentro pribatuetara eta hitzartutako zentroetara; plantilla handitzea kontuan hartuta zaintza, arreta eta lan karga; behin-behineko lan kontratuak gutxienez %8ra jaistea; prebentzioa eta lan komunitarioa indartzea; eta lan giro osasuntsua sustatzea.
Administrazioak hartu beharreko neurriez gain, herritarrengan ere jarri dute arreta. Azpimarratu dute arduraz jokatu behar dela, eta soilik beharrezkoa denean jo behar dela medikuarenera. Horrekin batera, hitzordu batera kale egitekotan, aldez aurretik abisatzeko eskatu dute.