argia.eus
INPRIMATU
2019ko urrian Gironako istiluetan atxilotutako bi gazteak aske utzi dituzte
  • Kataluniako prozesu independentistako ordezkari politikoen aurkako epaiaren ostean manifestazioak eta istiluak jazo ziren herrialde osoan zehar. Hainbat lagun atxilotu zituzten, tartean Charaf eta Ibrahim. Ekainaren 2ko arratsaldean txalo artean jaso zituzten Gironako plazan, zortzi hilabeteko espetxealdiaren ostean.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 03a
Charaf eta Ibrahim lagun artean. Argazkia: @ICheraf

Ibrahim eta Charaf, 2019ko urrian Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako protestetan atxilotutako bi gazte, aske geratu ziren uztailaren 2an, Puig de les Basses kartzelan zortzi hilabetez egon ostean. Gironako Auzitegian egin zen epaiketa, eta oraindik epaiaren zain dauden arren, bi gazteei ongi etorria eman zieten hiriko plazan, VilaWeb hedabideak informatu duenez.

Epaiketa ekainaren 30ean hasi zen Gironan, iragan urriko protestengatik. Ibrahim eta Charafen espetxeratzearen aurkako manifestazioak egin ziren hasieratik. Urriaren 16an atxilotu zituzten, hemezortzi urte zituztela, eta orduz geroztik Puig de les Basses kartzelan preso egon dira. Maria Elena Roman Aita epaileak “ihes egiteko arriskua” argudiatu du espetxealdia orain arte mantentzeko, izan ere, gazteak bere garaian tutoretzapean egon ziren eta marokoar nazionalitatea dute. Ustezko neurri kautelarrari eutsi diote ordutik, 2019ko urriko ia atxilotu guztiak handik aste batzuetara askatu bazituzten ere.