Aurtengo martxoaren 8a egun historikoa izan da feminismoarentzat eta Euskal Herriarentzat.
Iaz emakumeek urrats handia eman genuen kalera irtetean, eta ez zen egun bateko kolpea izan. Argi geratu da kolpe horrek iraun duela eta sendotu egin dela. Urte oso bateko lanaren emaitza agerian geratu da.
Egunean zehar ikusitakoen artean, asko dira nabarmendu beharrekoak: adin guztietako pertsonak, tartean pentsiodunak; aldarrikapen inteligenteak, ideologikoak edota umoretsuak; mendeetan idatzi den historiatik ezabatua izan den kolektiboa kaleak hartzen eta ikusgarri bilakatzen.
Urteetako lanak ekarri du lorpen handi bat: feminismoaren aldarrikapenak, emakume kuadrilla batenak izatetik, jendarte zabal baten aldarrikapenak izatera pasatu dira. Ikuspegi feministak zapalkuntza guztiak batzen dituelako: langile, arraza edota genero zapalkuntzak. Beraz, feminismoa planeta honetako populazioaren erdiak baino askoz jende gehiagok behar du, sistema kapitalista-hetereopatriarkalak eraiki duen estereotipotik kanpo geratzen garen guztiok behar dugu, ukatutako eskubideak exijitzeko eta lortzeko.
Kexa bakarra daukat: euskararen presentzia nik nahi bestekoa ez da izan. Lastima! Indartu beharko genuke “Emakumea* eta euskalduna, bi aldiz errebeldea!” leloa.
Urte osoa dago hurrengo M8rako. Guk denok, eragile guztiok, benetako politika feministak egiten jarraitu behar dugu. Urratsak egiten, besteak beste, zaintza lanak sortzen dituen desberdintasunak ekiditeko eta eskubideak lortzeko. Feminismoak sistema honen iraulketan ekarpen handia egin dezakeelako.