Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak biltzen dituen txostena argitaratu du Emakundek. Horren arabera, 2019an Ertzaintzak 5.518 indarkeria matxista kasu erregistratu zituen eta EAEko 4.419 emakumeri eragin zien. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gizarteari eskatu dio indarkeriaren biktima diren emakumeekin adi egoteko eta babesa emateko.
Emakumeen kontrako Indarkeria Aurkako Nazioarteko Egunean argitaratu ditu datuok Emakundek. Horrekin batera, indarkeria matxistaren ondorioz hil dituzten emakumeak gogoratu ditu eta bere laguntza eta babesa eskaini die indarkeria mota horren biktimen senitartekoei eta inguruko pertsonei.
2019ko datuei dagokienez, Emakundek azaldu du eraso eta erailketa matxistak "icebergaren punta" besterik ez direla, izan ere, kasu asko ezkutuan geratzen dira oraindik ere. Biktimen %48k ez duela poliziarengana, epaitegira edo laguntza zerbitzuren batera jotzen azaldu du Landaidak. Iaz Ertzaintzak 5.518 indarkeria matxista kasu zenbatu zituen EAEn eta 4.419 emakumeri eragin zien (2018an baino 175 gehiagori). Gainera, hainbat emakumek behin baino gehiagotan pairatu zuten indarkeria.
"2017. urtetik aurrera, datuek erakusten dute erregistratutako kasuek gora egin dutela eta 2019. urtean %3,82 egin duela gora aurreko urtearekiko. 2018an askoz ere gehiago egin zuen gora, hain zuzen %6,32", esplikatu du Landaidak.
Erasoak pairatu dituzten emakumeen datuak adinaren arabera sailkatzen ditu azterketako atal batek. Horren arabera, indarkeria gehien pairatzen duten emakumeak 31 eta 50 urte bitartekoak dira, %47,2; ondoren, 18 eta 30 urte artekoak daude, %28,1. Salaketen %10,6 berriz, 18 urtetik beherakoei dagokie; eta %14,1 dira 50 urtetik gorakoak.
Txostenak erakusten duenez, adinaren arabera aldatu egiten da jasandako indarkeria mota. Hala, adingabekoen artean, familia barruko indarkeria eta sexu indarkeria dira ohikoenak, nahiz eta hamar biktima nerabetik ia hiruk (14 eta 17 urte artekoak) bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoa jasan zuten. Adin nagusiko eta 50 urte arteko emakumeen artean, ohikoena bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa da (salaketen %82). 50 urtetik aurrera, familia barruko indarkeriak gora egiten du, eta 65 urtetik gorako emakumeen artean %64,9raino iristen da.