argia.eus
INPRIMATU
2019an atxilotutako CDRetako kideei erakunde terroristako kide izatea egotzi die Espainiko fiskaltzak
  • El Confidencial egunkariak argitaratu ditu akusazioaren idatziko edukiak. Erakunde terroristako kide izateaz gain lehergaiak egitea eta gordetzea ere egozten diete 2019ko irailean atxilotutako CDRetako bederatzi kideei.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 20a
Argazkia: @CDRGranollers

2019ko irailaren 23an Guardia Zibilak aurrera eramandako "Judas Operazioan" atxilotutako bederatzi katalanen aurkako auziaren instrukzioa bukatzen ari da eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak aurkeztu du dagoeneko akusazioaren idazkia. Auzitegi Nazionala "terrorismo" akusaziopean ikertzen ari zen CDRetako kideak fidantzapean aske utzi zituzten atxiloketetatik hilabete gutxiren buruan.

Defentsako abokatuek epaitegiaren sumariora sarbidea izan zuten unetik salatu zuten akusazioaren eta bildutako frogen artean kontraesanak zeudela, eta atxilotutakoen familiek ere defentsarako eskubidea urratzen zuten irregulartasunak salatu zituzten.

Ostiralean prentsak zabaldu duenez, CDRetako bederatzi kideei erakunde terroristako kide izatea eta lehergaiak egitea eta gordetzea egozten die Espainiako fiskaltzak. Epaitegiari emandako idazkian jasotzen denez, buruzagi independentisten aurkako sententziari erantzunez atentatuak eta sabotajeak egiteko asmoa zuten, eta baita parlamentuari eraso egitekoa ere.

Fiskalaren iritziz, frogatuta geratzen da CDRekiko paraleloa zen erakunde terroristak “Kataluniaren independentzia lortu nahi zuela, horretarako indarkeria bere espresiorik gorenean erabiliz”.

Auzipetuen defentsaz arduratzen den Alerta Solidària erakunde antierrepresiboak sare sozialetan adierazi duenez, fiskaltzaren akusazioa ez da sorpresaz heldu, “inposatu nahi diguten errelatoaren jarraipena” baita.