2018an Herbehereetako tren guztiek haize energia baliatuta mugitu beharko dute (dagoeneko hala da trenbide-sarearen %50ean). Helburua betetzeko hitzarmena egin dute Eneco konpainiak, herrialdeko energia ekoizle eta banatzaile handienetako batek, eta bertako trenbideen energi horniduraz arduratzen den Vivens kooperatibak. Helburua betetzeko falta den energia oraindik martxan ez dauden hainbat parke eolikotatik eskuratuko dute. Parke horien erdia Belgikan eta Eskandinavian egongo da.
Iragarritako neurria ekainean Hagako epaitegi batek emandako epaiaren ondorioetako bat da. Epaileak berotegi-efektuko gasen igorpena murrizteko agindu zion gobernuari.
Zehazki, epaiak esan zuen 2020rako emisioak 1990ekoak baino %25 txikiagoak izan beharko direla. Hartara, Herbehereetako Gobernuak ezarria zuen %14 eta %17 bitarteko helburua legez kanpokoa litzateke.
Modu horretan, epaitegiak aintzat hartu zuen Urgenda GKEak 2013an Herbehereetako Gobernuaren aurka ipinitako salaketa. Urgendak argudiatu zuen gobernuaren politika ez zela bateragarria EBk klima aldaketari dagokionez ezarritako helburuarekin: planetaren tenperatura globala ez dadila handitu bi gradutik gora, industria aroaren aurrekoarekin alderatuz.
Epaileak, ezustean, arrazoia eman zion Urgendari, eta gobernuari agindu zion aipatutako emisio murrizketa lortzeko neurriak har zitzala.