argia.eus
INPRIMATU
2018ko Aurrekontu Legea onartu dute EAJk eta PSEk, PPren abstentzioari esker
  • Eusko Legebiltzarrean ostiral goizean egindako osoko bilkuran aurrera atera dira datorren urterako Eusko Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak. Horretarako PPren abstentzioa beharrezkoa izan dute gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 22a
(Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

Aurreikusi bezala, PP abstenitu egin da, duela aste gutxi enpresek ordaintzen duten Sozietate Zergaren beherakadaren ordainetan adostutakoari esker. Popularrek akordio horretan 30 milioi euroko zuzenketak egin dituzte.

Hala, Eusko Jaurlaritzak 11.486 milioi euroko aurrekontua izango du 2018rako, iaz baino 426,7 milioi gehiago, “inoizko handienak” Jaurlaritzaren arabera. Baina zor publikorako bideratutako dirua –urterik urte handitzen ari den kopurua, aurten %12– eta bere eskumenekoa ez den AHT ordaintzekoa kenduta 9.000 milioi euro pasatxo izango da azkenean diru-partidetan inbertitzeko erabiliko duena Eusko Jaurlaritzak, 2009an baino 200 milioi euro gutxiago beraz.

EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Duguk aurrekontu horien kontrako botoa eman dute “neoliberalak, atzerakoiak eta antisozialak” direlako euren ustez.