argia.eus
INPRIMATU
COVID-19a iritsi aurretik ere, Hego Euskal Herrian 138.901 lagun pobrezia egoera larrian bizi ziren
  • Pobreziaren Aurkako Sare Europarraren arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,8a pobrezia egoera larrian aurkitzen zen 2018. urte amaierarako. COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren aurretik ere milaka lagun bizitzen ari ziren egoera lazgarria erakusten du argitara eman den txostenak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 22a

Pobreziaren Aurkako Sare Europarrak argitaratutako txosten baten arabera, Hego Euskal Herriko 2.846.642 biztanleen %4,8a pobrezia egoera larrian zegoen 2018. urtean, 138.901 lagun gutxienez.

Instituzioek pertsona horien “ia %100ari diru-laguntzak luzatu zizkietela” azaltzen du informeak, baina prestazio horiek asko jota 300 bat eurokoak izan zirela zehazten da aurrerago. 2018an Pobreziaren Muga 12.401,39 eurotan ezarri zuen Elkartzenek Hego Euskal Herrian, hileroko 1.033,44 euroko kopuruan, zehazki. Hori gutxi balitz, ustezko %100eko estaldura zifrak Txertatze Sozialerako Errenta eskatu eta jaso zutenei baino ez die egiten erreferentzia, pobrezia egoera larrienean daudenei, alegia.

2019. urteko datuak ikuspegi orokorragotik begiratuta bestelakoak dira emaitzak. Eusko Jaurlaritzaren Pobrezia eta Desberdintasunei buruzko Inkestak azaltzen duenez, 194.060 pertsona bizi ziren pobrezia egoeran edota horretarako arriskuan. Horien artean, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta, Txertatze Sozialerako Errenta edo bestelakoak jasotzen ez zituztenak orotara milaka izan zirela aitortzen dute; EAEn soilik, 60.000 lagun gertatu ziren babes-sistematik kanpo.