argia.eus
INPRIMATU
2018an EAEko zabortegietara botatako 708.000 tona hondakin balorizatu beharrekoak ziren
  • Zaldibarko zabortegiaren hondamendiak eta Mutiloako zabortegia ixteak behartuta, Eusko Jaurlaritzak Agindua atera berri du, orain arte zabortegietara bideratutako hainbat hondakini beste irteera bat emateko. Aginduan zehaztutako neurriek zorrotzak dirudite, baina berez, hondakinen kudeaketa zuzenari buruz ez dute ezer berririk esaten, hau da, Aginduak planteatzen dituen neurriak ezartzeko aski zen orain arteko legea betearaztea. 2018ko datuek diote legea ez dela bete EAEko zabortegietan: balorizatu beharrekoak ziren 708.337 tona hondakin zabortegira bota zituzten.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko martxoaren 27a
EAEko zabortegi baimenduen zerrenda, Eusko Jaurlaritzak 2020ko otsailan berritua.

Jaurlaritzak 1556 Aginduan zehaztutako neurriek zorrotzak dirudite, eta herritar guztientzat da desiragarria zabortegietara botatako hondakinak gutxitzea. (Artikulu honetan azaldua dugu Jaurlaritzak hartutako neurri bakoitza zehazki). Baina berez, hondakinen kudeaketa zuzenari buruz ez dute ezer berririk esaten, hau da, Aginduak planteatzen dituen neurriak ezartzeko aski zen orain arteko legea betearaztea.

Izan ere, Jaurlaritzaren Agindu honek berak oinarri gisa hartzen dituen legeek esaten dute zabortegiena azken aukera dela. Hondakinen eta Kutsatutako Lurzoruen uztailaren 28ko 22/2011 Legeak horrela dio 8. artikuluan: "Administrazio eskudunek, hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko politikak eta legeria garatzean, hondakinen hierarkia aplikatuko dute, ingurumen-emaitza global onena lortzeko, honako  lehentasun-ordena honen arabera: a) Prebentzioa. b) Berrerabiltzeko prestatzea. c) Birziklatzea. d) Bestelako balorizazio-motak, balorizazio energetikoa barne. e) Ezabatzea". Hurrenkera hori bermatzeko zera aipatzen du 22/2011 legeak: "Hondakinak ezabatu aurretik tratatu egin beharko dira, salbu eta teknikoki bideragarria ez bada edo giza osasuna eta ingurumena babesteko arrazoiengatik justifikatuta ez badago".

2011ko legea bete balitz, 2018an EAEko zabortegietara botatako 708.337 tona hondakin balorizatu beharrekoak ziren. Zergatik ez da hondakinen legea bete?