2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna ikertzeko izendatutako aditu taldea ondorio horretara iritsi denean.
Pohang lurrikarak 5.4-ko maila eman zuen Richter eskalan eta haren ondorioz hildakorik gertatu ez arren ziento bat zauritu eragin zituen eta kalte material handiak aipatu herriotako etxebizitza, eraikin publiko eta bestelako azpiegituretan. Koreak garai modernoetan bizi izan dituen lurrikaretan bigarren bortitzena izan zen Pohang.
2018tik aditu askok adierazten zituzten beren susmoak fracking operazioak zirelakoan lurrikara horren errudunak. Orain Seuleko gobernuak izendatutako jakintsuek berretsi dute hipotesia, AFP agentzia bi zabalduta zenbait hedabidek jakinarazi dutenez. Aipatu geotermia plantak ez darabil izen bereko beste planta gehienek darabilten teknologia, fracking-arena baizik: presio handiak injektatzen du ura lurpera, hondoko geruzetako harria lehertzeko eta honek "maila txikiko aktibitate sismikoa eragin du", ikerlari taldearen buru izan den Lee Kang-kun-en hitzetan. "Denborak aurrera egin ahala, honek eragin du Pohang hirian lurrikara lehertzea. Guk ondorioztatu dugunez, Pohang lurrikara gizakiak eragindako lurrikara izan da, ez da izan naturak berez eragina".
Pohang eskualdeko hainbat biztanlek adierazi dute gobernua auzitara eramango dutela lurrikaragatik, eta gobernuak berriz publikoki azaldu du benetan sentitzen duela gertatua. Geotermia planta itxita eduki dute ikerketen zirauten bitartean eta orain "betirako geldituko dugu", adierazi du Komertzio, Industria eta Energia ministroak. 2016an abian jarritako instalazioak 71 milioi dolar kostatu ziren.