argia.eus
INPRIMATU
2017ko diru laguntza bat itzultzeko eskatuko die Gasteizko Udalak Etxerat eta Sareri
  • EAEko Auzitegi Nagusiaren epai baten harira, duela 3 urte emandako diru laguntza bat itzultzeko eskatuko die Gasteizko Udalak Etxerat eta Sareri.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko maiatzaren 27a
Presoen eskubideen aldeko mobilizazioei berrekin die aste honetan Etxeratek. Argazkia: ALEA

Gasteizko Udalak Etxerat eta Sare elkarteei duela 3 urte emandako diru laguntza bat itzultzeko eskatuko die, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak maiatzaren 12an emandako epai baten berri izan ostean. Epai horrek Udalari agintzen dio itzulketa eskatzeko.

Epaiak "alderdikoitzat" jo ditu bi elkarteen proiektuak eta helburuak, eta zehazten du administrazioak ez lukeela horrelako proiekturik babestu behar.

Udalak 5.000 euroko diru laguntza eman zion 2017an elkarte bakoitzari, urte horretarako Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuaren laguntzen deialdi ofizialaren barruan.

Mahai-ingurua

Hain zuzen, bakeari, bizikidetzari eta espetxe-politikari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen Sarek 2017an diru laguntza horrekin.

Besteak beste, Edurne Portela idazleak parte hartu zuen horietako batean Iñaki Soto eta Laura Mintegirekin batera, eta "bidegabekeria" salatu du sare sozialetan epaia jakin berri: "Bidegabekeria iruditzen zait horrela zigortzea espetxe-auziari eta Euskadiko bizikidetzaren eraikuntzari buruzko begirada oso desberdinak dituzten pertsonen arteko elkarrizketa-saio bat, eta akats bat justu une honetan".