argia.eus
INPRIMATU
2016tik hona gutxienez 2.030 hotel gela gehiago daude Donostian
  • EH Bilduk egin duen ikerketaren arabera, azken urteetan 34 hotel berri egiteko baimen eman dira Donostian.

Irutxuloko Hitza @irutxulo IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2021eko ekainaren 09a
Zinema 7 hotela (Argazkia: Zinema 7)

Donostiako EH Bilduk 2016 eta 2021 urteen bitartean hotelen sektoreak izan duen aldaketa aztertu du, eta ondorioztatu dute 2016tik hona gutxienez 2.030 hotel gela gehiago daudela Donostian. Hotel kopuruen igoera hau ez dela “fenomeno isolatu” bat adierazi du koalizio abertzaleak, eta hotel gela kopuruaren handitze honi pisu turistikoen hazkundea gehitu behar zaiola gehitu dute.

Azken bost urteetan 34 hotel berri eraikitzeko lizentzia eman dira Donostian, eta horietatik 23 jada irekita daude. Bost tramiteetan daude, eta beste bost obretan. Azkena, Urdaneta kalekoa, irekitzear da. Bestalde, BiziLagunEkin plataformaren datuen arabera, 559 pisu turistiko berri daude lehen solairutik gora; pisu turistiko hauek ilegalak ziren aurreko araudiaren arabera.

Zonaldeka begiratuz gero, Donostiako Erdialdea da hotel berri gehien ireki diren eremua: hamar hotel berri ireki dituzte, bi tramiteetan daude, bat obretan eta beste bat irekitzear; hamalau hotel dira guztira. Hotel guzti hauetan, gutxienez 806 gela egongo dira guztira. Hiriko hotel gela berrien ia %40a da hau. Loiolako Erribera da hotel gela gehien ireki diren bigarren auzoa: 325 gela berri daude auzoan, Donostian ireki diren %16a. Hirugarrena Antigua da, 274 gela berrirekin, hiriaren %12,17a.

Lehen aipatutako etxe turistiko honen igoerak alokairuaren eta etxebizitzen prezioan “eragin handia” izan duela adierazi du EH Bilduk. Zehazki, Donostian etxebizitzen bataz besteko prezioa 405.258 eurokoa da, azken urtean %10,99 handituz. Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi hiriburuen prezioak baxuagoak dira: Bilbon etxebizitzaren bataz besteko prezioa 244.000 euro ingurukoa da, eta Gasteizen, berriz, 216.000 eurokoa.

Eroritakoak

Bi hotel proiektu bakarrik dira erori eta egin ez direnak. Bata Uliakoa da: San Ignazio egoitzaren inguruan 100 gelako hotel bat eraiki nahi zuten. Bestea Illunbekoa da. Illunben hotel bat, supermerkatu handi bat, zinemak eta marka handien dendak jarri nahi zituzten Illunbe Berria izeneko proiektuarekin, baina geratuta jarraitzen du.