argia.eus
INPRIMATU
2016an Europar Batasunean ezarritako energia iturri berrien ia %90 berriztagarriak dira
  • Iragan urtean 24,5 giga-watt sortzeko gaitasuna erantsi zieten Europar Batasuneko energia azpiegiturei. The Guardian egunkariak dio energia horretatik 21,1 giga-watt iturri berriztagarrietatik datozela, besteak beste haize, eguzki, biomasa eta ur-energia.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 13a
Sheringham Shoaleko parke eolikoa, Ingalaterran.

Haize energia da gehien sustatu den iturria, ezarritako energia iturri berrien erdia hortik baitator. Ikatzari aurre hartuta, egun haizea da energia sortzeko gaitasun handiena duen bigarren iturria EBen, gas naturalaren atzetik. Hala ere, EBk 918,8 giga-watt ekoizteko gaitasuna dauka, eta horietatik soilik 153,7 datoz haizetik.

The Guardianek WindEurope lobbyaren exekutibo Giles Dicksonen hitzak jaso ditu: “Haize energiaren instalazio eta inbertsioen zenbakiak egokiak dira”. Baina esan du soilik EBko zazpi herrialdek dituztela politika argiak 2020 bitarte haize energia sustatzeko. “Energia berriztagarriekiko anbizio politiko gutxiago ikusten dugu gaur duela bost edo hiru urte baino”.

Alemaniak hazi arazi zuen gehien haize energiaren ekoizpen gaitasuna 2016an, eta Frantzia, Herbehereak, Finlandia, Irlanda eta Lituaniak ere haize erroten instalazioetan beren markak hautsi zituzten. Alemaniak haize energia sortzeko duen gaitasuna EBko beste ezein herrialderena baino hiru aldiz handiagoa da.

Berriz, Espainia, Portugal, Italia eta Greziak joan den hamarkadan haize energiak eduki zuen hazkundea gidatu zuten, baina egun, energia iturri horren ezartzeak oso garapen gutxi dauka herrialde horietan. Haize energiari dagokionez, bereizitako Europa bat irudikatu du lobbyaren bozeramaileak.