argia.eus
INPRIMATU
2016 “urterik hilgarriena” Mediterraneo itsasoan
  • 2016. urtea amaitzeko bi hilabete falta direla 3.800tik gora dira errefuxiatu eta immigranteen artean Mediterraneoan bizia galdu dutenak, iaz 3.771 izan ziren guztira. “Urterik hilgarriena” izaten ari dela azaldu du ACNUR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 27a
Ontzi baten erreskatea Mediterraneo itsasoan. (Arg.: Irish Defence Forces CC by 2.0)

Hildakoek gora egin dute iaztik, nahiz eta jende gutxiagok hartzen duen Europara bidea Mediterraneotik. 2015ean 1.015.078 pertsona saiatu ziren bidea egiten. Aurten, berriz, 327.800k egin dute oraingoz.

Bizia galtzeko arriskua hirukoiztu da iaztik hona

2016an bide hau hartzen duten 88 pertsonatik batek bizia galtzen du, 2015ean hildakoak 269tik bat ziren. Heriotza tasaren igoerak arrazoi desberdinak ditu ACNURen arabera. Nagusietako bat Libia eta Italia banatzen dituen itsaso zatia egiten dutenen kopurua da. Biderik arriskutsuena da eta egiten saiatzen diren 47 pertsonatik batek galtzen du bizia. Eguraldi txarrarekin hasi diren bidaia kopuruak ere eragina du heriotzen gorakadan.

2015ean Turkia eta Greziaren arteko bidea izan zen erabiliena. Europar Batasuna eta Turkiaren arteko akordioak, ordea, errefuxiatuei bide hori eragotzi die eta arrisku handiagokoak hartu dituzte.

Trafikanteek kalitate okerragoko ontziak egiten dituzte eta ontzi puzgarri asko ez dira bidea egiteko gai izaten. Horrez gain, baltsetan lehen baino jende gehiago sartzen da. Trafikanteen metodologia aldaketek ere zailtzen dute erreskate lana.

ACNURek estatuei dei egin die “gogorrago lan egitera”. Horretarako errefuxiatuei Europara bideak errazteko eskatzen diete eta itsasoko bilaketa eta erreskate ahalmena handitzea.