argia.eus
INPRIMATU
2016, inoiz erregistratutako urterik beroena
  • Munduko Metereologia Erakundeak (MME) datua kezkagarriak eman ditu urtero klimaren egoerari buruz ematen duen txostenean. Inoiz neurtutako urterik beroena izateaz gain, 2016an goia jo du itsas mailak, hala nola ozeanoen gainazaletako beroak. Artikoko izotzaren zabalerak, berriz, beheranzko joerari eutsi dio, eta aurreko urteetan ez bezala gauza bera gertatu da Antartikakoarekin.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko martxoaren 21a
Aurreko urteetan ez bezala, Antartikako izotzak ere atzera egin zuzen 2016an. (Arg.: Jason Auch-CC By)

Erregistroak daudenetik iazkoa izan da urterik beroena, MMEk jakinarazi duenez. Batez besteko tenperatura industrializazioaren aurreko garaikoa baino 1,1 gradu altuagoa izan da. Ez da ahaztu behar 2015ean adostutako klima aldaketari buruzko Parisko Hitzarmenaren helburu nagusia dela tenperatura igoera hori bi gradukoa baino txikiagoa izatea mende honen amaieran, eta ahal den heinean ez dadila pasa 1,5 ºC-tik.

Beroketa globalaren eragile nagusiak, atmosferako karbono dioxido kontzentrazioak, milioiko 400 parteen langa gainditu zuen 2015ean (2016ko daturik ez dago oraingoz), eta ez du luzaroan behera egingo, bihar bertan emisioak gutxitzen hasiko bagina ere.

Itsas maila gora, izotza behera

Planetako tenperatura globala bezala, itsasoko gainazalarena ere inoiz neurtutako altuena izan zen 2016an. Itsas maila, bestalde, hogei zentimetro altuagoa da orain XX. mende hasieran baino, MMEren hitzetan. Horren arrazoi nagusietako bat –ez bakarra– Artikoko eta Antartikako izotzaren urtzea da. Artikoan negu amaieran gertatu ohi den izotzaren zabalera maximoa (iazko martxoaren 24an neurtua), 1979-2016 bitarteko baxuena izan zen.

Artikoaren kasuan luze dirauen joeraren jarraipena da izotz galera. Antartikarenean, berriz, ezustekoa izan da hain erregistro baxuak izatea, azken urteetan izotz-geruza berreskuratzen ari ziela zirudien eta.

MMEk ohartarazi du lotura argia dagoela gizakiak eragindako klima aldaketaren eta 2016tan behatutako zenbait muturreko gertakari metereologikoren artean. Horien arrean, aipatzekoak dira Ertamerika eta Afrikako lehorte larriak –elikadura krisia eragin zutenak–, eta Haiti jo zuen Matthew urakana.