argia.eus
INPRIMATU
Podemoseko 69 diputatu zelatatu zituen Espainiako Poliziak
  • “PPko polizia patriotikoak” Barne Ministerioaren datu-baseen bitartez, Podemoseko politikariak espiatu zituela informatu du El Paísek, horien artean Pablo Iglesias, Yolanda Díaz, Ione Belarra edo Irene Montero. Espainiako Estatu osoko autonomia erkidego guztietako 57 polizia-etxeetan egin zituzten bilaketak, EAEn izan ezik, eldiario.es komunikabideak jaso duenez.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 11

2015 eta 2016 urteetan, “PPko polizia patriotikoak”, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen agintaritzan, Podemoseko 69 diputatu espiatu zituen Barne Ministerioaren datu-baseen bitartez, El Paísek jaso duenez. Egunkariaren albisteari egin dio erreferentzia Podemosek sare sozialen bitartez, eta “gerra zikin onartezina” dela adierazi dute. Horrez gain, alderdi politikoak eskatu du PSOEk “berehala” hautsi behar duela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko PPrekin sinatutako akordioa, inbestidurako gehiengoarekin.

Polizia Nazionaleko Barne Gaietarako Unitateak kasuari buruz jakinarazi dio Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileari, eta aztertzen ari dira Podemoseko 69 diputatu horiei ikerketa estrajudizialak egin ote zitzaizkien Barne Ministerioko buruzagitzaren aginduz, La Vanguardiak jaso duenez. Gogorarazi behar da aurtengo otsailean, Pedraz epaileak Podemosen kereila bat onartu zuela, eta Alderdi Popularraren garaian Barne Ministerioak alderdiaren aurka egindako “ekintza zehatzak” ikertzea eskatu zutela, eldiario.es komunikabideak informatu duenez.

Gutxienez 2015eko abenduko hauteskundeetan hautaturiko 69 diputatuetatik, Podemoseko 55 parlamentari espiatu zituzten, horien artean Pablo Iglesias, Yolanda Díaz, Ione Belarra edo Irene Montero, El Paísen arabera. Laguntza Operatiboko Unitate Zentraleko komisario burua Enrique García Castañok, eta Segurtasuneko estatu-idazkaria Francisco Martínezek, elkarrizketak izan zituzten, zeinetan Martínezek Podemoseko diputatuen iraganaz galdetzen dion García Castañori, eta ea horiek aurrekari penalik edo muturreko mugimenduekin afiliaziorik bazuten: El Paísen irakur daitekeenez. “69ak begiratu, baina banan-banan begiratu behar da eta, noski, arrastoa uzten du”, esan zuen García Castañok.

PPren jarrera “ustela eta mafiosoa” salatu dute

Urte horietan Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek hitz egin du alderdiari egindako espioitzaren arduradunek izan beharko lituzteken zigorrei buruz, eldiario.es komunikabideak jaso duenez: “Agintari polizialek eta horien buru politikoek espetxera joan beharko lukete”.

Podemoseko eurodiputatu Irene Monterok adierazi du PPren gobernu forma “ustelkeria” dela, eta popularrak “beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiltzeko prest” daudela boterea galtzen dutenean “demokrazia eragozteko”. Espiotzaren helburua alderdiari “min egitea” eta Espainian “aldaketak geldiaraztea” zela nabarmendu du, La Vanguardiak informatu duenez.

Sumar alderdi politikoak ere espioitza salatu du, eta PPren jarrera “ustela eta mafiosoa” izan zela adierazi dute. Ezker Batuko koordinatzaile federala Antonio Maíllok salatu du “2018tik diktaduraz hitz egiten ari direnak, hautetsontzien emaitza onartu nahi ez izateagatik, gobernutik horrela jardun zutenak” izan zirela, eldiario.es komunikabidean irakur daitekeenez.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izan ezik, gainerako erkidego guztietan

Espainiako Estatuko autonomia-erkidego guztietan Podemoseko diputatuei buruzko informazioa bilatu zuten, EAEn izan ezik, eta guztira 57 polizia-etxeetan bilaketak izan zirela informatu du eldiario.es-ek. Bilaketak bereziki alderdiaren zuzendaritzako kideenak edo jendearen aurrean gehien agertzen ziren kideenak izan zirela jaso du komunikabideak.