argia.eus
INPRIMATU
2014ko urtean, gizona gizon!
  • 2014ko urteak ideki berri dauzkigu besoak luze ta zabal. Hamalauko urtalde hori aipatzearekin, 1914ko gudu bortitz haren oroitzapen itsusia heldu zaigu gogorat. Miliunka gizon joan omen ziren gerlarat, hainbeste hil zirela, eta bestek infernu gorria gainditu ba zuten, osagarria betikotz ahuldua sartu ziren.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2014ko urtarrilaren 17a
1914-1918 gerran hilen oroitarria Baionan. (Argazkia: Colifret / DelCampe.net)

Gudu horrek hustu zituen gure etxaldeak, gure auzoak eta gure herrialdeak. Herrixka bakotxak hor dauzka lekuko itzuli ez ziren guzien izen zerrendak.

Ehun urte joan dira geroztik. Dena aldatu da, itxuraz bederen. Alemania ez da gehiago etsaia, askorentzat eredu edo modeloa baizik. Baliteke hor berean bi gogoeten gaia. Eguberri bezperan bi herritarrekin egin solasak dauzkat berehala hementxe aipagai. Banenkien Frantziako lurralde batzuetan, hiri bazter handietan bezala, jendea kanpotik etorri langilei aiher zela, kolore guzietako etorkinak omen direlakotz neke eta gaitz guzien iturria eta arrazoina ! Orduan eta hor ohartu naiz gure alderdian ere askok molde berean pentsatzen dutela, eta ahoan bilorik gabe aitortzen dutela menturaz orainarte ixilean zaukatena: kanpotik jinek dute jaten gure ogia! Irakurleak badaki ez dela gure alderdian kanpotiar ainitzik, eta futxo ekonomiaren eta jendartearen nekealdiaren hobendunak kausitu behar dira. Etorkinak izanen dira hobendun lehenak, eta berehala ondotik lanik kausitu gabe gutieneko laguntzez bizitzen diren herritarrak berak!

Aitzinarik ez da hemen Fernand Reynaudren umorezko antzerki hura aipatzeko : herri koxkor batean ordukotz jendea arrangura etorkinak jaten zuela frantsesen ogia, eta entzutearen bortxaz joan egin baitzen etorkina. Ogirik gabe gelditu zen herri hura, okina baitzen hango etorkina.

Ilunegia liteke hamalauko gudu bezperarekin parekatzeko oraingo giroa. Alta gerla asmoak ez ote dira horrela hazten eta pizten, hobendunak eta etsaiak erakusten direnean? Gauden baikor eta airos. Bada gure herrialdetan oraino emazte ta gizon frango, sinetsi nahi dutenak gizona gizon dela, izanik larrua xuri ala beltz, izanik aberats ala praube. 2014ko urteak ekar dakigula diztira berria zuzentasunari, elkartasunari, maitasunari.