Euskararen eta Euskal Kultur Komunitatearen .eus domeinua onartu du ICANN erakundeak, urtebeteko ebaluazio fasearen ostean. PuntuEus fundazioa arduratuko da domeinuaren kudeaketaz eta kontrolaz.
6 urte iraun duen “ibilbilde luzea” eta etorkizuneko erronkak azaltzeko, agerraldia egin zuen fundazioak larunbatean Euskaltzaindiaren egoitzan. 2014ko apirilerako domeinua erabiltzeko prest egotea espero dute.
Domeinu berria erabili nahi duten webguneek euskarazko bertsioa izan edota euskal kulturaren inguruko gaiak jorratu beharko dituzte Berriak bildu dituen Iratxe Esnaolaren adierazpenen arabera. Webgune batek ‘.eus’ eta ‘.com’ aldi berean erabili ahal izango ditu.
Fundazioko kideek adierazi dutenez, ‘.eus’ domeinuaren ibilbidea “oraintxe hasi da”. “Erabiltzea, ikustea eta indartzea izango da domeinuari zentzua emateko modua. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua”.
2012ko maiatzaren 28an bidali zuen eskaera PuntuEus fundazioak, proiektua duela lau urte aurkeztu bazuten ere. “Gure asmoak agertu genituen eta hurrengo lau urtetan ia isilik mantendu gara. Prozesuak hala eskatzen zuelako izan da. Bagenekien une hartan adierazi zizkiguten epeak ez zirela ziurrak eta prozesuak atzerapen handia jasan zezakeela”.
Domeinua onartua izan dela ospatzeko ekitaldi bat egingo dute ostiral honetan 13:00tan EHUko Paraninfoan, Bilbon. PuntuEus.org webgunean prentsa-oharra osorik irakur daiteke.