argia.eus
INPRIMATU
2014an borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute Balear Uharteetako irakasleek
  • Aurtengo lehen eskola egunean lanuztea egin dute Balear Uharteetako irakasleek. 2014. urtean protestekin jarraitzen dute hortaz irletako hezkuntza sektorean. Katalanezko eskola orduak gutxitzearen eta murrizketen aurka altxatu dira ikastetxeetako langile eta ikasleak.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 08a
Irakasleek berdez jantzita Palmako kaleetan eginiko protesta martxa (Argazkia: Joan Lladó-ABC)

PPk ezarritako TIL (Tratamiento Integrado de Lenguas) legearen arabera, ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez eman beharko dituzte klaseak Balear Uharteetako ikastetxeetan. Sindikatuak eta hezkuntza arloko langileak neurriaren kontra azaldu dira eta uko egingo diote hirueledun eredua indarrean jartzeari. Aldi berean, hekuntza arloko murrizketa etengabeen kontrako jarrera azaldu dute irakasleek eta protesta bateratuak egiten ari dira.

Balearretako Irakasleen Batzordeak honako bideoa egin du haien borrokaren laburpen gisa. Ikus daitekeenez, “Martxa Berdea” deiturikoarekin Uharteetako Gobernuaren hezkuntza politikaren eta hezkuntza zapalkuntzaren kontrako jarrera erakutsi dute irakasleek eta jendartearen zati handi batek.

2013. urteko greba mugagabea eta mobilizazio jendetsuen irudiak testuarekin tartekatzen dira. “2013an iraultza historikoa bizi izan zen Mallorcako hezkuntza sektorean. Imajina dezakezu mundua aldatzea posible dela eta aldaketa hori Mallorcan hasten dela?”, galdetu dute bideoaren egileek.

 

Greba egiten duten irakasleei mehatxuak

Balearretako Irakasleen Batzordeak salatu duenez, grebetan parte hartu duten zenbait langilek mehatxu bortitzak jasan dituzte, heriotz mehatxuak barne. Sare sozialetan hasi dira mehatxu horiek; Ez noa grebara izeneko Facebookeko orrian, esaterako, greba egitea erabakitzen duten irakasleak iraintzeaz gain, lanuzteen kontra altxatzera deitzen zaio jendarteari.

Azken egunetan orrialde horretako irain eta mehatxuak gogortzen ari direla ohartarazi dute irakasleek eta arduradunei neurriak hartzeko eskatu diete.