argia.eus
INPRIMATU
2013ko datu klimatikoek beroketa globala baieztatzen dute, NASAk dioenez
  • Mundu osoko datu klimatikoak kontuan hartuta, 2013. urtea tenperaturak erregistratzen hasi zirenetik 7. urte beroena izan da. AEBetako Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalak aditzera eman duenez, epe luzerako beroketa globala baieztatzen duen beste datu esanguratsu bat da hori.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 22a

NASAren azterketak jaso dituen datuek erakusten dute iazko munduko tenperaturaren bataz bestekoa 14,6 ºC -koa izan zela, XX. mendeko bataz bestekoa baino 0,6 gradu zentigrado altuagoa. Azken 38 urteetan, munduko tenperatura ez da balio horretatik jaitsi.

Bestalde, 1880an munduko datu klimatikoak jasotzen hasi zirenetik hamar urte beroenak XXI.mendeari dagozkio, 1998. urtea salbuespen gisa hartuta. 2010a eta 2005a izan ziren urterik beroenak.

Zientzialariek ohartarazi dute gasen isuri etengabeak berotegi efektua eragiten dutela atmosferan, eta horrek epe luzera munduko tenperaturen igoera dakarrela. Berotegi efektua sortzen duten gasek, karbono dioxidoak bereziki, atmosferako beroa hartu eta klimaren aldaketa erregulatzen dute.

NASAren arabera urtetik urtera ez du zertan aurrekoa baino beroagoa izan. Baina egungo gas maila kontuan izanik aurreikusi dute hamarkada bakoitzeko tenperatura apur bat igoko dela.

Horrez gain, izakiek sortutako gasen kontzentrazioa izugarri hazi da azken hamarkadetan. NASAk jakinarazi duenez, azken 800.000 urtetako mailarik altuenean aurkitzen da gaur egun.