argia.eus
INPRIMATU
2013an Parisen hil zituzten hiru emakume kurduentzat justizia exijituko dute
  • Turkiak Parisen hiru emakume kurdu iraultzaile hil zituenetik zazpi urte bete dira urtarrilaren 9an. Justizia egitea exijitzeko deialdiak egin dira nazioartean, baita Euskal Herrian ere. Asteazkenean elkarretaratzea egin dute Gasteizen, eta ostegunean Bilbon egingo da.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko urtarrilaren 09a
Hiru emakume kurduen hilketa argitzeko eskatuz, mobilizazioa Parisen (Argazkia: Elisenda Panadés Ingés)

2013ko urtarrilaren 9an, Parisen, hiru emakume iraultzaile kurdu hil zituen Turkiar Estatuko zerbitzu sekretuak. Sakine Cansız, Fidan Doğan eta Leyla Şaylemez buruan tirokatu zituzten, Gare du Nord tren geltokitik gertu kokatutako Kurdistanen Informazio Bulegoan; bertan egiten zuen lan Doğanek. Hiru emakumeak ekintzaile kurduak ziren, Cansız PKKren (Kurdistango Langileen Alderdia) sortzaileetako bat izanik.

Gatazka konpontzeko xedez, Turkiako Gobernua eta PKK negoziaketetan ari zirela jazo zen hilketa. Erasoa “prozesu berriaren aurkako asmo ilunek burututako erasotzat” jo zuen Zubeyr Aydar PPK alderdiko Europako ordezkariak. Egun Turkiako presidente den Recep Tayyip Erdogan lehen ministro zen orduko hartan. “Zentzu horretan, Erdoganek ez ditu masakratu soilik Roboski, Afrin, Kobanê, al-Bab, Jarablus eta Kurdistango iparraldea; Sakine Cansız, Fidan Doğan eta Leyla Şaylemez ere hil ditu”, adierazi zuen iazko urtarrilaren 9ra begira KCDK-Ek (Europako Elkarte Demokratiko Kurduen Biltzarrak).

Parisko hilketaren zazpigarren urteurrena bete den honetan, Erdoganek heriotza horien gainean duen ardura seinalatu du PKK alderdiak. “[Hilketaren] egile eta arduradunak amorruz kondenatzen ditugu” adierazi dute, eta Cansız, Doğan eta Şaylemez “maitasunez, errespetuz eta esker onez” oroitzen dituztela. Hiru emakumeak omendu eta beren hilketen bueltan justizia egin dadin exijitzeko eginkizunarekin bat egin dute nazioartean, Euskal Herrian tarteko. Asteazkenean Gasteizen elkarretaratzea egin zuten, eta ostegunean Bilbon ere egingo dute, 19:30ean Arriaga plazan.

Gaur egungo testuingurua, hilketekin lotuta

Cansız, Doğan eta Şaylemezen hilketak jazo eta hilabete batzuetara, ustezko hiltzaile Ömer Güney atxilotu zuten. Turkiako Estatuaren zerbitzu sekretuentzako lan egiten zuen Güneyk, eta jakin zenez Turkiako Armadako sarjentu Hakan Fidanek eman zion hiru emakumeak hiltzeko agindua. “Motzean, MIT [Turkiako zerbitzu sekretua], AKPren [Justizia eta Garapena Alderdia, 2001etik agintean dagoena] zuzendaritza eta Turkiako Gobernua dira hilketa horien arduradunak”. Loturak lotura, agerikotasunak agerikotasun, alderdi kurduak salatu du Frantziako Gobernuak eta epailetzak ez dituztela arduradunak zigortu.

Hilketaren arduradunekiko zigorgabetasun horrek kontuan hartu beharreko eraginak izan dituela azpimarratu du PKK-k. Adierazi duenez, 2013ko Parisko hilketek berebiziko garrantzia dute gaur egungo testuingurua ulertzerakoan, baita testuinguru horretara heldu arte jazo diren hainbat gertakaritan.

Frantziako justiziak hilketa horien ardura inori leporatu ez izanak izan dituen eraginez mintzatu da alderdia. Egin duen irakurketaren arabera, Parisko hilketak ikertu izan balira, ISISek ez luke hainbesteko inpaktua izango, eta ez zukeen hainbeste kalte eragingo; kasuaren gaineko epaiketa denboraz burutu izan balitz eta arduradunak zigortu izan balituzte, Turkiako Estatuak ezin izango zukeen Afrin okupatu, ezta iazko urriaren 9an Rojava erasotu, ezta ere masakreak eragin; Parisko hiltzaileak zigortu izan balituzte, Turkiak ez lituzke gaur soldaduak Libiara bidaliko, AEBek ez lukete Bagdadeko aeroportuan Soleimani hilko, eta Ekialde Hurbilak zein mundu osoak ez luke jasan beharko AEBen eta Iranen arteko gatazkaren areagotzea.

“Patriarkatuan, kurduenganako etsaitasunean, kolonialismoan eta masakreetan oinarritutako pentsamoldeak eta politikak Parisen epaituak eta zigortuak izan ez direnez, hiltzaile faxistak beren erasoekin jarraitzen dute (…) Parisko hiltzaileak epaituak eta zigortuak izan balira, kurdistango herriaren lider Abdullah Öcalanen aurka 1998ko urriaren 9an abiatutako nazioarteko konspirazioak ez luke jarraituko, eta ondorioz Kurdistan eta Ekialde Hurbilak ez lukete segiko aterabiderik gabeko odol isurketan”, adierazi dute.

Kongra Star Rojavako emakumeen antolakundeen konfederazioak, bere aldetik, hiru emakumeen heriotzaren zazpigarren urteurrenari begira gogora ekarri nahi izan du gerra testuinguruetan emakumeak jo puntu izan ohi direla: “Borroka eta erresistentzia iraultzaileen lorpenen ordainetan, emakumeak dira beti jomuga (…) Gizonezkoen mentalitate dominatzaileak emakumeen antolaketa eta boterea beldurrez bizi dituenez, emakumeen askapenaren aldeko ideologia da erantzuna bizitzako arazo guztientzat, gerraren prebentzioarentzat eta gatazkentzat”.

Hala bada, emakumeen boterea, antolakuntza eta ideologia indartzen jarraitzeko deia egin die mundu zabaleko emakumeei.