argia.eus
INPRIMATU
Defentsa eta fiskaltzaren akordioa
2012ko Riau-riauko auzipetuak ez dira kartzelara joango
  • 2012ko Iruñeko Sanferminetako Riau-Riauan izandako istiluak epaitzeko ahozko auzian fiskaltza eta defentsaren artean akordioa egon da astearte goizean eta auzipetuetako inor da espetxera joango.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 27a
Auzipetuak astearte goizean adierazpenak egiten Iruñeko Lurralde Auzitegiaren aurrean. (Arg.: Iruñea Askatasunez). Auzipetuak astearte goizean adierazpenak egiten Iruñeko Lurralde Auzitegiaren aurrean.(Arg.: Iruñea Askatasunez).

Auzipetu batek 15 hilabeteko espetxe zigorra jaso du, bik 12 hilabetekoa, batek isuna eta 2.450 euroko kalteordaina izan du eta beste bat absolbitu egin du Iruñeko Auzitegiko Zigor Arloko 2. Aretoak. Aurretik ez dutenez bestelako zigorrik, espetxe zigorra jaso dutenak ez dira kartzelara joango, baldin eta datozen bi urteetan deliturik egiten ez badute.

Astelehen  gauean iritsi ziren akordiora fiskaltza eta defentsa, eta honek zigorra asko arintzea ekarri du, fiskaltzak guztira 30 urteko espetxe zigorrak eskatzen baitzituen bost auzipetuentzat. Hauek adierazpenak egin dituzte astearte goizean Iruñeko Auzitegiaren aurrean eta espetxera ez joateagatik epaia onartzen dutela jakinarazi dute naiz eta ez dauden ados gertakariez egiten den interpretazioaz: epaiak dio gertatutakoa “antolatutako boikota” izan zela eta auzipetuek hori ukatzen dute.Haien esanetan, egun hartan hainbat borroka izan ziren espainiarzale eta abertzale artean, edo eskuindarren eta ezkertiarren artean, eta zigorrik izatekotan alde guztiek jaso beharko zuketen isunen bat.

Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkiete auzipetuek, eta baita sostengua erakutsi dieten iruindar guztiei ere.