Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Zaldibarko zabortegian isuritako amiantodun eraikuntza-hondakinen kopuruak eman zituen otsailaren 18an, EH Bilduk eskatuta Diputazio Iraunkorrean azalpenak eman behar izan zituenean: "337 tona isuri ziren 2012an eta 4.253 tona isuri ziren 2019an. Guztira 16.148 tona". Baina amiantoa isurtzeko baimena 2013ko Ingurumen Baimen Bateratuan ageri da lehen aldiz. Baimenik gabe isuri zituzten 2012ko 337 tona haiek? Zergatik ez zion enpresari inolako isunik edo zigorrik ekarri?
Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak datu hauek plazaratu zituen Diputazio Iraunkorrean, otsailaren 18an: "Fibrozementudun eraikuntzako hondakinen sarrera, hau da, amiantoa dutenena, etengabe hazi da Zaldibarko zabortegian: 337 tona isuri ziren 2012an eta 4.253 tona isuri ziren 2019an. Guztira 16.148 tona, zabortegiko hondakin guztien %0,57".
Verter Recycling 2002 enpresak 2007an jaso zuen lehen aldiz Zaldibarko zabortegiarentzako Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), eta horrek ez zuen amiantoa isurtzeko baimenik ematen. "Isolatzeko materialak" isurtzeko baimena bai ematen zuen (Hondakinen Europako Zerrendan 17 06 04 zenbakia duena), baina "amiantoa duten eraikuntzako materialak" (HEZ 17 06 05 zenbakia duena) isurtzekorik ez.
2013an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Zaldibarko zabortegiaren Ingurumen Baimen Bateratuari (IBB) aldaketak egin zizkion eta baimena berritu egin zuen. ARGIAk 2013ko IBBren dokumentua lortu du eta bertan agertzen da baimendutakoen zerrendan amiantoa, HEZ 17 06 05 zenbakia duena. Gardentasun ikuspegitik salatzekoa da 2013ko Ingurumen Baimen Bateratua publiko ez egotea.
Arriolak aipatutakoaren arabera, 2012an isuritako amiantodun 337 tona fibrozementuzko hondakin horiek, baimenez kanpo isuri zirela ondorioztatu daiteke. 2007ko eta 2013ko IBBen artean ez dago Zaldibarko zabortegi honek amiantorik hartzeko baimenik zuela aipatzen duen dokumenturik, ez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publiko eginda, eta ezta Zaldibarko Udalean jasota ere.
Gardentasun ikuspegitik argitu beharreko kontua da, 2012an isuritako tona amianto horiengatik Verter Recycling enpresak ez baitzuen inolako zigorrik jaso.