Espainiako Auzitegi Gorenak 2010eko San Ferminetako txupinazoko istiluen harira ezarritako zigorrak berretsi ditu. Zigortutakoek manifestazioa deitu dute maiatzaren 29rako. Horretaz gain, botila botatzea egotzita zigortutakoari kartzelan sartzeko ezarri dioten egunean, ekainaren 9an, Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea eginen dute.
Zizurko Emakumearen plazan hasiko da datorren ostiralean, 19:00etan manifestazioa. Zigortutakoek agerraldian salatu dutenez, “tristea da oraindik ikurrinaren defentsan aritzeagatik kartzela zigorrak jartzea".
Zigortutako gazteek Auzitegi Gorenak “poliziaren bortizkeria beste behin babestu” duela salatu dute. “UPNk karriketatik ikurrina desagertzeko duen obsesioak, gu bezalako gazteak kondenatuak izatea baimentzen du”.
2010eko San Ferminetako txupinazoan ikurrina udaletxe plazara sartzen saiatzeagatik hamahiru gazte atxilotu eta epaitu dituzte. Guztira hamar urte eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diete.