argia.eus
INPRIMATU
2003an ETAk Zangozan egindako atentatu bat ikertzea erabaki du orain Auzitegi Nazionalak
  • ETAko buruzagi jotzen dituztenen aurkako fronte berria ireki du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hainbat atentatu berriro ari da ikertzen. Atentatuen egileak zigortuta badaude ere, ETA desagertu eta lau urtera Espainiako justiziak atentatu horien egiletza intelektuala leporatzen dio ETAko zuzendaritza ohiari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 13a
2003an ETAk Zangozan egindako atentatua.

Orain ezagutu den kasu berrian, Alejandro Abascal epaileak aintzat hartu du Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaera, eta ETAk 2003an Zangozan egindako atentatua ostera ikertzea erabaki du. Atentatu hartan hil zituzten Bonifacio Martin eta Julian Envit Espainiako poliziak.

Dignidad y Justicia elkartearen ustez, Garikoitz Arruarte eta Gorka Loran izan ziren atentatuaren ustezko egileak, baina orduan ustez ETAko buruzagi ziren Ibon Fernández, Gorka Palacios, Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo, Iñaki Esparza, Mikel Albisu, Ramón Sagarzazu eta Marixol Iparragirreri egiletza intelektuala leporatzen die.

EFEk auto judizialaz jakinarazi duenez, Abascal epaileak onartutako autoan 18 atentaturi egiten zaie erreferentzia, guztiak titadine lehergailuz egitekoak, eta Zangozakoa horietako lehena litzateke. Zehazten denez, atentatu kate hori moztea lortu zen 2003an Loran eta Arruarteren atxilotzean. Lehergailu hau ETAko zuzendaritzak banatu omen zuen eta horregatik orain egiletza intelektualaren akusazioa.

Titadine banaketa lotura gisa

Kasu honetan titadine banaketa aipatzen da, elkarteak zerbait zehatza behar duelako ETAko buruzagiak atentatuekin lotzeko, baina ez dago halakoren beharrik ETAko buruzagien inputazioari ekiteko. Dignidad y Justicia biktimen elkarteak iaz ekin zion ustez ETAko mandatarien aurkako salaketa molde honi, Miguel Angel Blancoren hilketa berriz ikertzeko eskatuz.

Salaketan eskatzen da ikertzea PPko zinegotziaren hilketan ETAko zuzendaritzak izan zuen ardura, elkartearen ustez, zuzendaritzako kideak hilketaren errudun baitira, ETA erakunde guztiz bertikala izanda, ezin baita irudikatu halako atentaturik egitea, ETAko zuzendaritzaren ezagutzarik gabe.

Zangozako atentatua eta aipatutako Miguel Angel Blancorenaz gain, beste hiru atentatu ere ildo beretik ikertzeko kereilak onartu ditu jada Auzitegi Nazionalak: Francisco Querol magistratuaren aurkako atentatua, Santa Polako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako bonba-autoa, eta Madrilgo T-4 aireportuko lehergailua. Guztira ustez ETAko buruzagitzan izandako 23 pertsona ikertzen ari dira.

Orain arteko jurisprudentzian, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi izan du ETAk egindako atentatu guztiak ezin zaizkiela leporatu garaian garaiko ETAko buruzagiei, baina ETAk jarduera armatuari amaiera eman eta hamaika urtera kereila hauek onartzen ari dira Auzitegi Nazionalean eta ikusgai dago ikerketa sorta honek zer ematen duen.