argia.eus
INPRIMATU
200.000tik gora ikaslek euskaldundu gabe bukatu dute derrigorrezko hezkuntza
  • Euskaldundu balira, gaur egun, milioi bat inguru elebidun izango ginateke, populazioaren erdia baino gehiago.  

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 06a
Argazkia: argia.eus

1978 eta 2001 urteen artean jaiotako 206.263 ikaslek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatutakoan ez zeukaten euskara maila nahikoa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza garaia euskara ezagutu gabe edo nahikoa ezagutu gabe hasi zuten 1978 eta 2001 artean 409.031 ikaslek eta horien %50,43k ez zuen lortu nahikoa euskara maila.

Halako emaitzak Aztiker Soziologia Ikerguneak eskaini ditu Euskal Herrian Euskaraz elkarteak eskatutako ikerketa lanean.

Euskal Herrian Euskarazek ikerketaren balorazioa egin du eta ondorio nagusi bat atera du: irakastereduen sistemak porrot egin du. Ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoan egin dute eta EHEk adierazi duenez, EAEko ondorioak Euskal Herri osora estrapolatzekoak dira eta emaitzen ondorioz hartu beharreko neurriak ere bai.

EHEk adierazi du garai garrantzitsua dela irakastereduez hitz egiteko, hain justu, orain Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legea aldatzeko eztabaida prozesua abiatu duelako. 1982ko Legea aipatu du EHEk eta 17. artikuluaren arabera derrigorrezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina gaitasun izan beharko lukete. Ez da hala gertatzen. EHEk Eusko Jaurlaritzari 35 urtez prebarikatu izana leporatu dio, legea ez duelako betetzen eta horren jakinaren gainean dagoelako. EHEk irakastereduen sistema gainditu eta murgiltze eredua ezartzea proposatzen du.

Proiekzio ariketa ere egin du EHEk. Euskaldundu gabe geratu diren 206.263 herritarrak euskaldundu izan balira, 2011n 749.182 elebidun izan beharrean 955.445 elebidun izango ziren EAEn, populazioaren %46,4. Gaur egun, milioi bat inguru elebidun izango ginateke, populazioaren erdia baino gehiago.