argia.eus
INPRIMATU
200.000 migratzaileri paperak emango dizkie Italiak, landa-eremuko beharrei erantzuteko
  • Italiako landa-eremuetan lan egin ohi duten jornalari migratzaileek euren herrialdeetara itzuli behar izan zuten, koronabirusaren krisiagatik. Horien beharra ikusirik, 200.000 migratzaileren egoera erregularizatzea erabaki du Italiako Gobernuak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05a

Egoera irregularrean dauden migratzaileei paperak ematea erabaki zuen Portugalgo Gobernuak, besteak beste osasun sistemak artatuak izateko eskubidea izan dezaten. Bestelakoa da Italiako Gobernuaren motibazioa: fruituak eta barazkiak biltzen aritzen diren sasoiko langile asko eta asko migratzaileak dira, euren herrialdetara itzuli direnak, eta Italiara lanera joan daitezela nahi du. Horretarako, 200.000 lagunen egoera erregularizatuko du, 2009tik erregularizatu den pertsona kopuru handiena. Kalkulatzen da guztira 600.000 inguru direla Italian bizi diren migratzaileak.

Zehazki, jornalero aritu ahal izateko paperak egingo zaizkie, eta urtebetez luzagarriak izango dira paper hauek. Landa eremuan aritzen diren migratzaileen baldintzak tamalgarriak eta oso gogorrak direla salatzen denbora daramate gobernuz kanpoko erakundeak.

Barazki eta fruituak atzerriko herrialdeei ez erosi behar izatea eta herrialdeko nekazaritza salbatzea da gobernuak aurrera aterako duen neurriaren helburua.