argia.eus
INPRIMATU
20.000 buruko behitegi erraldoia eraikiko da Sorian Euskal Herriko kapitalarekin
  • 20.000 esne behitako barrukia aipatzen da Espainako Gaztela eta Leon eskualdean. 600 laborarik egiten duten esne guzia bezainbat egin lezake esne fabrika horrek berak, urtean 240.000 tona, eskualde guzi hortan egiten den behi esne guziaren herena.100 milioi euro gostako liteke behitegia. 900 hektara lur eremu behar omen lituzkete orotara: aterbe eta behitegientzat 150 hektareara, eta gainerateko eremuak metanizatzekoaren hondarkinak barreiatzeko. 250 lanpostu sor lezazke Soria aldeko proiektuak. Euskal Herrikoak dira proiektuaren asmatzaileak eta kapitalak.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2016ko abenduaren 15
Caparroson (Nafarroa) 4.800 buruko behitegi erraldoia dauka orain Sorian 20.000koa antolatu nahi duen konpainia berak. (Argazkia: Etxe Holz)

Zer mila debru! Hogoi mila esne behitako barrukia aipatzen da Espainako Castilla Leon eskualdean. Sei ehun laborarik egiten duten esne guzia bezainbat egin lezake esne fabrika horrek berak. Erran nahi baita urtean zenbait 240 000 tona behi esne. Eskualde guzi hortan egiten den behi esne guziaren herena. Ehun milioi euro gostako liteke behitegia. 900 hektara lur eremu behar omen lituzkete orotara : aterbe eta behitegientzat 150 hektara, eta gainerateko eremuak metanizatzekoaren ondarkinak barreiatzeko. 250 lanpostu sor lezazke Soria aldeko proiektuak. Euskal Herrikoak dira proiektoaren asmatzaileak eta kapitalak.

Burzoroa eman dauzkizuete zenbaki guzi hauek. Bizkitartean, azaroaren 2ko Diario de Soria egunkariatik bilduak ditugu. Ez dira obrak hasiak, lur erosteko tratuetan badabiltza promotoreak. Uraren biltzeko ere ezarri beharko fortuna, leku idorrak baitira. Diru laguntza nasaiak hitzemanak han bereko gobernuak, lanbideak sortuko bait lituzke fabrikak, eta hor bereko sormarka bat ere salbatuko luke naski, behi esne behar gorrian omen baita eskualde hori!

Gehiagoko komentariorik gabe utz ginezazke lerro hauk. Berek diote argi norat heltzen ari den laborantza. Nahiz ez duen deusik gehiago  laborantzarenik behi barruki horrek, dena industria bilakatua baita. Nagusiak nagusi izanen dira, edo hobeki erran, hor ezarriko diren diru zamen mozkina izanen da nagusien nagusi. Eskulan guzia langile urri ordainduen eta tresna karioen gain geldituko da. Urrun gaude urrun laborariak bere etxaldean zaukan esku oso hartarik, bere gain zituelarik lurrak, abereak eta laneko tresnak, bereak zituelarik eguneroko hautuak.

Langile lanpostuak dira sakratuak bere jendetzaz husten ari den lurraldetan. Sortuko dituztela lanpostuak, baina nork dio zenbat etxalde geldituko den behi esne egitetik han berean eta herrialde guzian. Badira jada mehatxuak letxeriek han hor esnerik ez dutela bilduko etxaldetan, eta esnearen sal prezioak behera makurtuko dituzte 20 000 behitakoek. Barruki erraldoietan esnearen prezio apala jasan dezakete, tinkatzen baitituzte gastu guziak kantitatearen bertutez, tinkatu ere langileen sariak.... eta zernahi gastu utziko baitute diru publikoak gain.

Frantziak mila behitako barruki hura han dauka Pikardian, bost ehun behiren baimarekin zortzi ehun buru hazten eta deizten dituela. Letxeriek ez dute nahi esne hortarik erosi, beraz Belgikatik da jiten egun gehienez kamiun bat esnearen bila. Laborariek salatua dute behin eta berriz. Herritar guziek badakite mila behitako barrukiko esnerik ez dutela nahi...

Zerritegi eta oilotegien industria ixuri berean lerratzen ari da behi esnea. Bakotxaren eta denen esku amildegi hortarik zaintzea berehala laborantza.