argia.eus
INPRIMATU
Suitzako immigrazio erreferenduma: zenbat eta etorkin gutxiago bazterkeria handiagoa
  • Europar Batasunetik Suitzara lanera doazen herritarren kopurua mugatzea onartu dute suitzarren %50,4k. Parte-hartzea %56,5koa izan da erreferendumean eta 20.000 boto baino gutxiagoko aldea atera du baiezkoak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko otsailaren 10
Erreferendumaren emaitza, kantonamenduka.

Hiru urteko epean, kuota sistema ezarri beharko dute, urtero zenbat etorkin sar daitezkeen zehaztuz (EBtik kanpoko gainerako herrialdeekiko kuota sistema badarabil jada Suitzak).

14 kantonamendu eta erditan irabazi du mugak ezartzearen aldeko bozak eta 8 eta erditan ezezkoak. Alemaniar eta italiar hiztun eremuen kantonamenduak izan dira baiezkoaren aldeko, eta eremu frankofonoak ezetz bozkatu du batik bat.

Esanguratsua da hain juxtu etorkin kopuru txikiena duten eremuetan izan duela baiezkoak boto gehien (beheko irudian ikusten den moduan, Zurich eta Vaud kantoietan dago etorkin gehien eta horietan ezezkoa izan da nagusi). Datuetan eta errealitatean baino gehiago, beldurrean oinarritu da etorkinei mugak ezartzearen aldeko kanpaina.

Alde eta kontrako argudioak

Masa immigrazioaren kontra lelopean, Zentroko Batasun Demokratikoa eskuin muturreko alderdiak bultzatu du galdeketa, horretarako etorkinenganako izan ohi diren ohiko mamuak haizatuz: lanik egin barik, gizarte prestakuntzez aprobetxatzen diren eta diru-laguntza publikoez bizi diren herritar gisa irudikatu dituzte etorkinak, eta “turismo soziala” kritikatu dute.

Aldiz, gizarte zerbitzuek ukatu egin dute halakorik ematen denik eta politikari eta ekonomialari ugarik ohartarazi dute etorkinik gabe, Suitzako pentsio sistema defizitarioa izango zatekeela 1992tik. Herrialdeko langabezi maila %3,2koa izan zen iaz: %2,2koa suitzarren artean eta %6koa atzerritarren artean (zehazki EBko herritarren artean %5,2koa).

EB eta Suitzaren arteko harremanak aztergai

EBko herritarrei mugak ezartzeko neurria 2002an bertan behera geratu zen, Europar Batasunak eta erakunde horretatik kanpo dagoen Suitzak euren mugen barruan pertsonen zirkulazio askerako akordioa sinatu zutelako, baina neurria berrezartzea lekarke honek.

Erreferendumaren emaitzak ondorioak izango dituela adierazi du herrialdeko Gobernuak. Emaitza hori “atsekabez” hartu du Europar Batasunak eta bien arteko harremanak aztertuko dituela gaineratu du.

Izan ere, Jesus Torquemadak Suitzak ateak itxi ditu analisian gogoratu duenez, “Suitza Europako eremu ekonomikoko kide da eta horri esker Suitzako produktuak aduana ordaindu gabe sartzen dira  Batasunean, eta hor dago Schengengo hitzarmena ere, horri esker  suitzarrak inongo arazorik gabe askatasun osoz ibili daitezke Batasuneko herrialdeetan barrena. Europako  langileei ateak ixteko erabakia beraz zilegi da eta Suitza herrialde burujabea da erabaki hori hartzeko, baina ezin dena egin da suitzarrek merkatu bakarraren abantaila guztiak izan eta arazoak sortzen dituzten haiei izkin egitea”.