Altzagako berdegunean 400 etxebizitza eraikitzeko egitasmoaren aurkako 2.009 sinadura aurkeztu zituzten hilaren 13an Tartanga Berdea taldeko kideek, Erandioko HAZn. Hala, iazko apirilean abiatu zuten ekimena burututa, proiektua geldiarazteko eta horri buruzko herri-galdeketa egiteko proposamena Udalaren osoko bilkuran bozkatzea lortu dute.
Sinadurak aurkezteagaz batera, Tartanga Berdea plataformako dozena bat kidek agerraldia egin zuten kiroldegiaren ondoko berdegunean egin gura duten hirigintza-proiektua eteteko helburu irmoa dutela adierazteko: "Proiektuaren aurka dagoen gaitzespen soziala erakusteko hainbat mobilizazio egin ondoren, aurrerapauso bat ematea erabaki genuen, instituzioek aspaldi martxan jarri behar izan zuten oinarrizko ariketa demokratikoa egiteko".
Zentzu horretan, auzia udal-bilkurara eramateko gutxienez Erandioko erroldaren % 10aren babesa behar zuten, beraz, azken hilabeteotan 18 urtetik gorako bizilagunen sinadurak biltzen aritu dira. Azkenean, dozenaka boluntarioren lanari esker, 2.009 sinadura batzea lortu dute, "ezarritako helburua gaindituz".
Orain, herri-ekimena Udalbatzara eraman eta alderdiek bozkatu beharko dute eraikuntza proiektua berehala geldiaraztearen eta Tartangaren etorkizunari buruzko herri-galdeketa egitearen aldeko proposamena. Hala ere, plataformako kideek aurreratu zuten ekimenak EH Bilduren eta "seguruenik" Elkarrekin Podemosen babesa bakarrik izango zuela.
Hala ere, plataformako kideek euren helburua argi azpimarratu zuten: "Guneak berdea eta publiko gisa jarraitzearen eta hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, baina ez dugu inolako beldurrik kontsultatuak izateko eta horri buruz ariketa demokratikoa egiteko". Halaber, gaineratu zuten ez direla Udalak aurkeztutako beste berdegunearen aukeraz fidatzen.
Tartangaren auzia 2007an hasi zen, Abaroa S.A. enpresa konstruktoraren obre eragindako kalteen ondorioz 66 etxebizitza hustu behar izan zituztenean. Prozesu luze baten ostean, 2016an, EAJ eta PSE alderdiek ostatutako udal-gobernuak Altzaga erdian dagoen aisialdirako berdegune publikoan 400 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa iragarri zuen, alde batetik, kaltetutakoak birkokatzeko, eta, bestetik, enpresak eragindako kalte-ordainei aurre egiteko.
Egitasmo horren aurrean, hainbat erandioztarrek Tartanga Berdea herri-ekimena osatzea erabaki zuten, "lur publikoei egindako lapurreta salatzeko eta gure gune berdea defendatzeko".