argia.eus
INPRIMATU
2.000 lagun inguru batu dira Baionan, pentsio sistemaren erreformaren aurka
  • Asteburuan eta aste hastapenean sindikatuekin bildu ondoren, bihar aurkeztuko du Emmanuel Macronen gobernuak pentsio sistemaren erreforma. Aurka mobilizaturik dauden sindikatuen xedea protestei heltzea da, Macronen lege proposamena “baztertu arte”.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 10a
Baionako manifestazioa (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

2.000 lagun elkartu dira Baionako manifestazioan, CGT, FO eta FSU arteko intersindikalak baita LAB eta Solidaires sindikatuek deiturik.  UNL, MNL eta Unef ikasle sindikatuek ere bat egin dute mobilizazioarekin. Manifestazioa aitzin, bideak moztu dituzte ehundaka lagunek, tartean autobideko sarrera.

Guztiak dira Emmanuel Macron presidenteak xede duen pentsio sistemaren erreformaren aurka protestan. Bigarren greba orokor eguna dute gaurkoa eta ostegunean egingo dute ondokoa. Tartean, bihar aurkeztuko du gobernuak esku artean duen erreforma.

Sektore publikoa kopuru handian presente egon da goizeko manifestazioan. Erizainak, tren gidariak, postariak zein irakasleak ikusgai ziren protestan. Sektore pribatutik, besteak beste, Sokoa eta Dassault enpresetakoak egon dira mobilizazioan.

Greba eguna tarteko, Biarritzeko aireportutik abiatzekoak ziren hogei hegaldietatik hamar bertan behera utzi dituzte. Iragan ostegunetik daude greban SNCF tren konpainian eta Ipar Euskal Herri mailako tren anitz dituzte ezeztaturik.

Iragan ostegunean abiatu zen erretreten erreformaren aurkako protesta, gaur arte luzatu dena. Sindikatuek jakinarazi dutenez mugimendua iraunaraztea dute xede, Macronen Gobernuak erreforma bertan behera utzi arte. Osteguneko hitzordua 10:30etan jarri dute Angelun, Castorama dendaren aitzineko itzulgunean.