argia.eus
INPRIMATU
2.000 hildako Mediterraneoan Europarako bidean
Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko abuztuaren 05a
Migrazioen Nazioarteko Erakundeak argitaratu duen txostenaren arabera urte hasieratik 2.000 pertsona hil dira Mediterraneoan (Argazkia: OIM)

Hilketa gehienak Afrikako iparraldetik Italiara bidean jazo ziren: 2.000 personetatik 1.930, gainerako 70ak Turkiatik Greziarako bidaian hil ziren. Datu horiek 2014koak baina okerragoak dira, joan den urtean 1.607 baitziren Mediterraneoko uretan itotakoak.

Uztaileko azken asteburuan 19 lagunek bizitza galdu zuten Siziliako Kanala zeharkatzen saiatzen ari zirenean. Horietatik hamalau akituta eta egarriak jota hil ziren. Batzuk barkauaren motorea hozteko ur edangarria edatera ere iritsi ziren, OIMk jasotako testigantzen arabera.

Kostazainek urtea hasi zenetik 188.000 lagun erreskatatu behar izan dituzte Mediterraneoko uretatik. “Zifra oso altuak direla eta erantzunkizunak eskatu behar ditugu”, OIM antolakundearen iritziz. Lacy Swing OIMko zuzendariaren arabera, “onartezina da 21. mendean gerra, miseria eta jazarpenetatik ihesi doan jendea Europako ateetan itota hiltzea”.

Melilla eta Calaiseko kanalean ere heriotzak

Astelehenean lagun marrokiar bat itolarriak jota hil zen Espainiako Estatura iritsi nahian. Melilla eta Almeriaren arteko bidea egiten duen itsasontzian maleta baten barruan ezkutatuta zegoen.

Uztailaren 29an lagun bat hil zen Frantzia eta Erresuma Batua batzen dituen Eurotunelean. Azken bi hilabeteetan bederatzi persona hil dira ibilbide horretan, zenbait iturriren arabera.

Nahiz eta azken asteetan prentsak Calaiseko “etorkinen uholdeak” lehen lerroan jarri, migranteen etorrerak ohiko bideetatik izaten ari dira, gehienak hegazkinez.