Josu Waliño PuntuEus Fundazioaren zuzendariak ARGIAri egindako adierazpenetan esan du 2.000 ‘.eus’ domeinutara iristear daudela. 700 erakunde eta norbanakok jarri dute ‘.eus’ abizena 24 ordutan.
Abenduaren 3an egin zuten aurkezpena eta 14:00etan 1.292 ‘.eus’ domeinu zeuden. Ordu horretatik aurrera publiko orokorrarentzat zabaldu zuten domeinua eta Waliñoren arabera ehunka eskaera iritsi dira ordutik.
Waliñok esan du espero baino harrera hobea izan duela domeinuak, “guk uste genuen abenduaren 31an iritsiko ginela 2.000 izatera eta 24 orduren buruan lortu dugu”.
PuntuEus Fundazioko zuzendariaren hitzetan helburu nagusia “sarean euskal komunitate osoaren presentzia handitzea da”. Haren ustez, gaur egun euskarak eta euskal kulturak presentzia “ona eta aktiboa” dute sarean, baina ‘.eus’ domeinuaren helburua presentzia hori handitzea da.
Aniztasuna nagusi
Askotarikoak dira ‘.eus’ domeinua erabiltzen hasi diren norbanako eta erakundeak: “Abenduaren 3a bitartean martxan jarri ziren domeinuen artean argazki oso anitza lortu dugu, mota guztietako erakunde, enpresa eta norbanakoak ordezkatu nahi ditugu”.
Kazeta.infok publikatu duenez, domeinua erabiltzeko urratsa eman dutenen artean %95 Euskal Herriko entitateak dira eta %5 kanpokoak; euskarari edo euskal kulturari loturikoak dira %19, enpresak %28 eta %36 erakunde publikoak.
Katalunian ‘.cat’ domeinuarekin nabarmen egin zuten gora katalanezko webguneen kopuruak. Waliñok hemen ere antzeko zerbait gertatzea nahiko luke: “ ‘.eus’domeinua areagotzen eta sustatzen lagunduko dugu. Jendea euskarara ekarri nahi dugu sarean”.