Baliabiderik eta osasun publikorik ez duen jendea lagundu asmoz, asko dira oporretan Bolivia eta Guatemalara joaten diren euskal medikuak. Denok Osasunaren Alde (DOA) gobernuz kanpoko erakundeak 2.000 boluntariotik gora ditu. 2002. urtetik 6.000 ebakuntza egin eta 18.000 lagun artatu dituzte.
Maiatza eta azaroa bitartean joan ohi dira Hego Amerikara eta bidaia bakoitzean zirujaua, anestesista eta lau erizain joaten dira, elektromedizinako teknikariez gain. Kirurgia orokorra, traumatologia, ginekologia, otorrinolaringologia eta odontologia jorratzen dituzte, baita hezkuntza eta prestakuntza profesionala ere. Beni eskualdean esaterako (Bolivian), Trinidad hirian 96 oheko ospitalea eraiki dute eta 24 oheko beste bat San Ignacio de Moxosen, ebakuntza-gelarekin.
Ramon Arrizabalaga Gasteizko Txagorritxu ospitaleko radiologoa boluntarioetako bat da eta urtero oporren zati bat Benira joateko baliatzen du. "Egun osoz egiten dugu lan. Batzuetan egoerak gainditu egiten zaitu. Daukazunarekin egin behar duzu aurrera. Sarri, sinesgaitza da zein gauza gutxirekin egin dezakezun lan. Zalantzarik gabe, ematen duguna baino gehiago jasotzen dugu".