argia.eus
INPRIMATU
2.000 bat lagunek Erdizko harrobi proiektua arbuiatu dute Elizondon
  • Erdiz Bizirik plataformak deituta 2.000 bat lagun bildu ziren asteazken honetan Elizondon, Erdizeko larreetan Magna enpresak eraiki nahi duen harrobi proiektuaren aurka.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 13a
Argazkia: Erdiz Bizirik

Nekazariek zeramaten Landa eremua bizirik zioen pankartaren atzean abiatu ziren herritarrak, eta eskatu zioten Nafarroako Gobernuari ez dezala baimendu mehatze proiektua, horrek Erdizeko larreak suntsituko dituelako, eta horiek direlako Baztanek bertako haziendetarako dituen bazkagune nagusietakoak. Hazienda horietako batzuk abiatu ziren pankartaren aurretik, hala nola, behiak, ardiak eta zaldiak.

Erdiz Bizirikoek argi adierazi zuten baztandarrek erabaki nahi dutela haien lurraldeetan zer egin eta nola bizi, ez dutela onartzen Magnak eta Nafarroako Gobernuak inposatu nahi dizkieten mehatzea eta bizi-moldeak. Bailaran nekazaritza estentsiboa, ingurumenaren zaintza eta turismo jasangarriak duten garrantziaz jardun zuten manifestazioaren amaieran, eta azpimarratu zuten horiek eta Erdizen magnesita ustiatu nahi duen harrobia ez direla bateragarriak.

Baztango herri erakundeek datorren urriaren 23rako kontsulta deituta zuten herritarrei gaiaz galdetzeko, baina lehenago erreferendumarekin Espainiako Gobernuak egin bezala, galdeketa debekatu du Nafarroako Espainiako Gobernu Ordezkaritzak.

2008an amore eman ondoren, beste saio bat

Atzoko egunean herritar asko gogoratu ziren duela hamabost urte ere herritarrek harrobi proiektuaren aurka egindako manifestazio handiaz, orduan ere Erdiz Bizirik plataformak deituta. Sasoi hartan ere saiatu zen harrobia sortzen Magna enpresa, baina 2008an atzera egin zuen. Magnako orduko administrazio kontseiluko lehendakari Dominique Bamasek adierazi zuenez, aurrerantzean ez zuten ahaleginik txikiena ere egingo proiektuarekin jarraitzeko, baina bistan da ez zela egia, eta hamahiru urte geroago berriz saiatzen ari dira.

2019an aurkeztu zuen ustiaketa proposamen berria Magnak, eta iragan urriaren 7an Nafarroako Legebiltzarrak Foru Intereseko Inbertsio gisa onartu zuen proiektua, UPN, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin (40 boto), eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin (10 boto). Printzipioz, hori urrats bat da aurrerago Udalez Gaindiko Eragineko Plan (UGEP) gisa onar dadin eta bozketak bide horretarako tramitazioa errazten du.