argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoen aldeko 200 mobilizazioak
Paris mugiarazteko ekintzak iragarri dituzte Iparraldean eta salbuespen politikak amaitzeko exijitu Hegoaldean
  • Dozenaka milaka lagun atera dira kalera larunbatean euskal preso politikoen eskubideen alde. Pandemiak baldintzatuta, Hegoaldean 200 herritan mobilizazioak egin dituzte Sarek deituta, eta Baionan hiru zutabetan egin dute protesta Bake Bideanek antolatuta. Sarek beste behin eskatu du salbuespen politikekin amaitzeko, eta Bake Bideanek fase berri bat abiatu dutela iragarri du, desobedientzia zibila parte izan daitekeen ekintzetan oinarrituta. Ekimen hauetan parte hartzeko prest dauden 90 pertsona ezagunen zerrenda publiko egin dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko urtarrilaren 10
Lehen lerroan tixert urdinarekin, desobedientzia zibileko ekintzak egiteko prest agertu diren lehen herritarrak.

"Espainian, bilakaera bat eman da presoen egoeraren inguruan: hurbilketek eta espetxe erakundeek aplikatzen dizkieten gradu aldaketek, perspektiba berriak irekitzen dituzte. Aldi berean, Frantzian alderantziz gertatzen da: 70 urte baino gehiago dituzten eta 31 urte preso daramatzaten bi gizon, Jon Parot eta Jakes Esnal, kartzelan mantentzen dituzte. Fiskaltzak, askatasunerako perspektiba guztiak hesten dizkie oraindik. Ele argiz mintza gaitezen: bizi osorako kartzela inposatuz, heriotz zigorrera kondenatzen ditu Fiskaltzak. Jarrera mendekatzaile hori onartezina, umiliagarria eta hilgarria da. Injustua da!".

Gogor mintzatu da larunbatean Anais Funosas Bake Bidean mugimenduko eleduna eta ondorengo hilabeteetan egingo dituzten ekintza "azkar, ausart eta ikusgarriak" gauzatzeko 90 pertsonako zerrenda publiko egin du. Manifestarien artean ziren Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria, eta Frederique Espagnac PSko senataria, beste zenbait kargu politikoren artean.

"Mailakatzea, desobedientzia zibileraino joan daiteke. Zein izanen dira ekintza hauen ezaugarriak? Ekintza pertsonalak dira, kolektibo baten baitan burutuak, publikoki, asumitua, gardena eta bortizkeriarik gabekoa, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan", argitu du Funosasek. "Euskal Herriko jendarte zabalaren aniztasuna islatzen dugu. Jatorri aniztasuna: Xiberoa, Nafarroa Behera edo Lapurdi. Dedikazio aniztasuna: aktibitate profesional, kultural, elkarte kide, kirol elkarte edo sindikatuen bidez. Adin aniztasuna: Hiru belaunaldi gira hemen bilduak". Besteren artean daude Aurore Martin, Jean-Noel Etcheverry 'Txetx', Jenofa Berhokoirigoin, Kristiane Etxaluz, Luzien Betbeder. Maika Etxekopar, Manex Fuchs, Mertxe Colina, Mikel Iribarren edo Peio Ospital. Lotura honetan zerrenda osoa ikusgai.

Ekimenetan parte hartzeko prest agertu diren lehen 90 pertsonak tixerta urdinez.

"Helburua Ion eta Jakesen askatasuna lehenbailehen lortzea da, eta noski, ez dugu ahazten Espainian kartzelatua den Unai Parot". Mobilizazioa amaitzerako, bertan jarritako mahaitxoetan dozenaka herritarrek eman zuten beren izena ekimen horietan parte hartzeko. Lehena otsailaren 18an izanen da.

Funosasek Emmanuel Macron Frantziako presidenteari aurpegiratu dio G7aren karietara Biarritzen esan izana beharrezkoa zela historia ez errepikatzea, baina gerora, erabateko isiltasuna mantendu izana euskal bake prozesuari buruz. "Bake prozesuak aitzina egin dezan keinu baikorrik ez izateak erakusten digu gure ohiko manifestaldi eta elkarretaratzeak ez direla nahikoa dosierra zuregana dezazun konbentzitzeko. Zure ardura da keinu bat egitea, eta euskal gizartearen dinamikan engaiatzea. Hori egin ezean, eztabaida demokratiko batean exisitu beharko ez litzatekeen mespretxu baten aitzinean ginateke".

"Ez dugu pribilegiorik nahi, justizia baizik"

Dozenaka milaka lagun atera dira 200 herri eta hiritan kalera Hego Euskal Herrian, Sarek deituta. Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean egin dituzte manifestazioak, eta nagusia Bilbokoa izan da, inguruko herri eta eskualdeetakoak bertara deituta baitzeuden.

Goizean, Bilboko euskalduna jauregian ETAko eta GALeko zenbait biktimarekin mahai ingurua egin dute eta sarean ikus daiteke osorik saioa. Ondorengoek partekatu dute agertokia: Roberto Manrique (ETAren biktima), Naiara Zamarreño (ETAren biktima), Rosa Lluch (ETAren biktima), Maider Garcia (GALen biktima) eta Idoia Zabalza (polizia-estatu biolentziaren biktima).

Iruñeko manifestazioa jendetsua izan da. (Argazkia: Ekinklik)

Arratsaldean, esan bezala, 200 manifestazio egin dituzte. Bilboko manifestazioan mintzatu dira Sareko eledunak –hemen hitzartze osoa irakurgai–, eta besteren artean adierazi dute presoen urruntzeari dagokionez zerbait aurreratu den arren, salbuespen politikek indarrean dirautela eta oraindik preso asko Euskal Herritik urrun dauzkatela. "Euskal preso guztiek Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute, haien eskubidea delako, eta espetxeetako eskumena transferitu ondoren jarraipen positiboa eta humanitarioa egiteko aukera dagoelako".

Dispertsioa ez ezik, graduen progresioa ere blokeatuta daukatela eta espetxe baimenak lortzeko zailtasunak dituztela salatu dute. "Ez dugu pribilegiorik eskatzen; justizia eskatzen dugu. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara", nabarmedu dute.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren eskumena jaso zuenetik 100 egun bete direnean, "zain" jarraitzen dutela oroitarazi zien. "Espetxe politika humanizatua aplikatzeko jarduketa irizpide berriak ezarri behar dira" eta "egiazko bakeak ausardia, gizatasuna, legeari errespetua eta askatasunarekin konpromisoa" behar dituela gogorarazi zuten.

Hamaika Telebistak eginiko bideo-erreportaje honetan herri ugaritako irudiak jaso dituzte.