Acciona, Dragados, FCC, Ferrovial, OHL eta Sacyr zigortu ditu Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, 25 urtetan zehar milaka lizitazio publiko eraldatzeagatik obra zibiletako eraikin eta azpiegituretara bideratuak.
Espainiako Estatuko eraikuntza enpresa handiak berriz ere leihakortasun auzitegien jomugan dira iruzurra egiteagatik obra publikoetako lizitazioetan: 203 milioi euroko zigorra ezarri die Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBM), 1992tik, eta 25 urtez jarraian, milaka alditan euren artean lizitazioak adostu eta eraldatu zituztelako obra zibil publikoetara aurkezteko orduan.
Acciona (29,4 milioi euro), Dragados (57,1 milioi), FCC (40,4 milioi), Ferrovial (38,5 milioi), OHL (21,5 milioi) eta Sacyr (16,7 milioi) dira zigorturikoak –2021ean MLBMk 12 enpresa zigortu zuen 61,3 milioi euroko isunarekin praktika txar antzekoak egiteagatik–.
Batzorde horrek azaldu duenez sei konpainiak astero elkartzen ziren eta eskaintza-teknikoak partekatuko zituzten kontratu publikoak zein izango ziren erabakitzen zuten –eskaintza-teknikoak, kasu askotan, lehiaketako puntuazioaren %70 balio izaten zuen, eta eskaintza ekonomikoak %30 baino ez–. Gainera, informazioa elkarbanatzen zuten kontratu publiko horietara aurkezteko orduan eraman beharreko estrategiaren inguruan: "Adibidez, Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatzeko asmoa zuten edo ez, eta zientzuk osatuko luketen elkarte hori".
Sei konpainiatako ordezkariak astero elkartzen ziren eta eskaintza-teknikoak partekatuko zituzten kontratu publikoak zein izango ziren erabakitzen zuten
Lizitazioen artean ospitaleak, portuak, aireportuak eta errepideak daude, besteak beste, MLBMren arabera: "Gizartearentzat bereziki kaltegarriak izan diren praktikak dira, espainiar administrazio publikoek deituriko milaka lehiaketari eragin baitzieten", azaldu du organismo horrek.
Zenbat da 203 milioi, kobratutako diruaren aldean?
Dirudienez, enpresa horiek ezkutuan sorturiko taldea –"G7" deitu dio MLBMak, hasieran prozesua ireki ez zaion zazpigarren enpresa ezezagun bat ere bazelako taldean– 2017an desegin zen, akordio horiek lehiakortasun araudien kontrakoak izan zitezkeela jakitun. MLBMek, hala ere, isun milioiduna ezarri die kontuan edukita "lanak konpartitu zituzten obra kopuru handia eta praktika horiek iraun zuten denbora luzea".
Baina kontratu horien bidez irabazitakoa, isuna baino askoz gehiago izan daiteke. Civio fundazioak emandako datuen arabera, soilik Espainiako BOE aldizkarian 2009-2015ean argitaraturiko kontratuak kontuan edukita, ACSri 5.862 milioi euro esleitu zitzaizkion obra publikoetan –taldean zein bakarka–, Accionari 3.933 milioi, FCCri 3.420 milioi, Ferroviali 2.917 milioi eta Sacyrri 2.598 milioi. OHLri buruzko daturik ez da ageri.
Euskal Herriko obra publikoetan ere presentzia handia dute multinazional horiek, batez ere Espainiako Sustapen Ministroak bideraturikoetan. Hala, sei enpresa horietatik lau, Euskal Y trenbidea eraikitzeko diru gehien kobratu duten hamar konpainien artean daude.
Ebazpenaren txostenean MLBMek adibide ugari eskaitzen ditu enpresek iruzurra egin duten obren inguruko datu zehatzekin, eta tartean Euskal Herrian esanguratsuak izan diren azpiegiturak ageri dira, Bilboaldeko Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea kasu.