argia.eus
INPRIMATU
200 metroko aerosorgailu bat “erreproduzitzera” deitu du Araba Bizirikek larunbatean, protesta gisa
  • Datorren azaroaren 26an, larunbatean, Araba Bizirik plataformak mahai-inguru bat antolatu du goizeko 10:00etan Gasteizen, Salburuako gizarte-etxean, hainbat sindikaturekin eta landa-erakunderekin. Energia berriztagarria izango dute hizpide, horren erronkak eta landa-eremuko proposamenak entzuteko.

Hala Bedi @halabedi 2022ko azaroaren 23a

Parte hartuko dute Galiziako Labrego Sindikatuak, Bionekazaritzak, EH kolektiboak, Etxaldeko emakumeek eta nekazaritzan lan egiten duten pertsonek.

Egun berean, arratsaldeko 19:00etan, Gasteizen, 200 metroko aerosorgailu baten erreprodukzioa egingo du plataformak. Erdigunea Andre Maria Zurian izango du eta ondoko bi kale hartuko ditu.

«Mobilizazio hauen bidez, gure mendien industrializazioa eta herri-lurren jabetzea helburu duten proiektu guztiak salatu nahi ditugu, horiek kalte itzulezina eragiten baitu», azaldu dute.

Azken hilabeteetan, proiektu guzti hauek landa-eremua eta natura-ingurunea mehatxatzen ari direla uste dute: «Horiek guztiek, landa-eremua eta haren biodibertsitatea suntsitzen dute, negozio eolikoko eta fotovoltaikoko enpresek onura ekonomikoak izan ditzaten».

Gainera, azpimarratu dute, Tapia legea bezalakoarekin, Eusko Jaurlaritzak horrelako proiektuak inposatu ditzakeela, udalen eta kontzejuen borondatearen gainetik.