argia.eus
INPRIMATU
20 urteren ostean Nafarroako lehendakaria Nafarroa Oinezen
  • Javier Otano izan zen Nafarroa Oinezera joan zen azken lehendakaria. 1995ean izan zen, Tuteran. Atzo, Uxue Barkosez gain, Nafarroako gobernuko kideak, parlamentariak eta politikariak ere hurbildu ziren Elizondon 34. Nafarroa Oinez ospatzera.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 19a
Uxue Barkosez gain, Nafarroako gobernuko kideak, parlamentariak eta politikariak ere hurbildu ziren Elizondon 34. Nafarroa Oinez ospatzera. (Oinez Baztan)

Goizeko ekitaldi instituzionaletan ikusi ziren politikari gehienak. Nafarroako gobernutik ordezkaritza zabala bertaratu zen: Uxue Barkos lehendakaria, Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilaria, Manu Ayerdi ekonomiako presidentordea, Isabel Elizalde Ingurumen kontseilaria, Mikel Aranburu ogasun kontseilaria eta Ana Ollo gobernuko bozeramailea. Barkosen esanetan, ikastolen aldeko jaiak Nafarroako izaerarekin zerikusi handia du, eta nafar guztien “ondarea” da. Hori dela eta, nabarmendu zuen “jaiaren izaeraren parte” dela erakundeen presentzia.

Nafarroako ikastolen aldeko jaia aurrera ateratzeko egindako auzolana ere aintzat hartu zuen lehendakariak. Horri esker, “Nafarroaren arimaren ezinbesteko parteetako bat garatzen da, hizkuntzak. Horien artean euskara”.  Barkosen esanetan euskarak nafarren partetik aparteko bultzada, uste osoa eta harrotasuna behar du. “Jai honek asko dio gutaz”, adierazi zuen Barkosek. Mendoza hezkuntza kontseilaria bestalde, harro agertu zen Nafarroako ikastolen aldeko jaia urtero berritu, eta indarra hartu duelako: “Bai pertsonalki zein gobernuko kide bezala”.

Parlamentuko kideak eta alkateak ere Elizondon

Nafarroako parlamentariak ere hurbildu ziren Elizondora: Maiorga Ramirez, Adolfo Araiz eta Xabi Lasa EH Bildutik, eta Koldo Martinez Geroa Baitik. Parlamentuko ordezkari nagusi gisa, Ainhoa Aznarez presidentea ere bertan izan zen. Aznarezek azaldu zuen Nafarroako aniztasuna ez dagoela soilik Tafallatik behera, Iruñea iparraldean ere badela: “Parlamentuko presidente bezala iritzi guztiak aintzat hartu, eta behar den tokian egon behar dut, gaurkoan Elizondon”.

Ohikoa denez, Nafarroako udalerrietako alkate ugari ere bertan izan ziren; horien artean Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Ez zen ziur inoiz Iruñeko alkateren bat Nafarroa Oinezen izan den, baina argi utzi zuen hiriburuko alkatea bertan izatea “normaltasunaren” erakusle beharko lukeela izan.

Politikari eta gobernuko karguen presentzia handia izan bazen ere, Joseba Otondo Elizondoko alkateak argi esan zuen: “Benetako protagonistak gaur hona hurbildu direnak, eta jaia posible egiteko lan egin duten guztiak dira”.